Mundua -

Bahiketa Malin

27 pertsona hil dituzte Maliko hotel baten aurkako eraso batean

Segurtasun Indarrek 13 terrorista hil dituzte. Al Murabitun eta Magreb Islamikoaren Al-Qaida talde jihadistek aldarrikatu dute atentatua.

Ostatua
Ostatua
Gutxienez 3 hildako Bamakoko Radisson hotelean

1:03

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hainbat lagun tiroka sartu dira Bamakoko (Mali) Radisson luxuzko hotelean, eta gutxienez 27 pertsona hil eta 170 bahitu dituzte. Hala ere, dagoeneko guztiak askatu dituzte. Era berean, Segurtasun Indarrek 13 terrorista hil dituzte.

Al Murabitun eta Magreb Islamikoaren Al-Qaida talde jihadistek aldarrikatu dute erasoa, eta hura elkarriekin gauzatu dutela azaldu dute, Al Ajbar agentziari egindako dei batean. Enpresa horrek iturri onak izan ohi ditu talde jihadistekin. Lehen aldia da bi talde terroristek atentatu bat elkarlanean egin dutena.

Atzerri Ministerioaren esanetan, espainiar bat zegoen gatibu hartutakoen artean, baina onik dago.

Segurtasun indarretako eta hoteleko iturriek jakinarazi dutenez, segurtasun agente ugari bertaratu dira, erasotzaileei aurre egin eta bahituak askatzeko asmoz.

Erasoa goizaldean gertatu da. Matrikula diplomatikoa zeraman auto batetik lau lagun jaitsi, eta hotelean sartu dira. Horretarako, atea zaintzen ari zirenak tirokatu dituzte, eta bi larri daude.

Erasotzaileek Radisson hotelean sartzea lortu dute, hiriburuko hotel seguruena dela zioten arren. Hotelean, 170 pertsona zeuden erasotzaileak sartu direnean; atzerritarrak dira gehienak.

Bahituen artean, teknologia berriei buruzko kongresu batean parte hartzera zihoazen atzerritar ugari daude, segurtasun indarretako eta hoteleko iturrien arabera.

Hotela kudeatzen duen Rezidor taldeak jakinarazi du 140 bezero eta 30 langile zeudela bertan; 20 indiar (guztiak geratu dira aske) eta hainbat frantziar, txinatar eta turkiar, tartean.

Al Murabitun

Al Murabitun talde jihadistak Mali iparraldean du oinarria, eta tuaregek eta herritar arabiarrek osatzen dute, eta erasoa beregain hartu badu ere, ez dago mezuaren egiazkotasuna egiaztatzerik.

Al Murabitun 2013an sortu zen, Odol Sinatzaileen batailoiak eta Afrika Mendebaldeko Jihadaren Batasunaren aldeko Mugimenduak bat eginda.

Aurreko maiatzean, Al Murabitunen buruek leialtasuna agertu zioten Estatu Islamikoari, baina horrek oraindik ez du onartu leialtasun hitzematea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrikako albisteak Gaurko albiste garrantzitsuak Atentatuak bideoak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Turismo-ostatuak Euskadi