Mundua -

El Salvadorren

Oscar Arnulfo Romero monsinorea dohatsu izendatu du Vatikanoak

300.000 lagun inguru zeremoniaren lekuko izan dira San Salvadorren. Martiri sansalvadortarrak bakearen eta justiziaren alde lan egin zuen, eta tiroz hil zuten 1980. urtean.

Milaka lagun izango dira gaur San Salvadorren monsinore Romeroren beatifikazioan. Argazkia: EFE
Milaka lagun izango dira gaur San Salvadorren monsinore Romeroren beatifikazioan. Argazkia: EFE
Milaka lagun izango dira gaur San Salvadorren monsinore Romeroren beatifikazioan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oscar Arnulfo Romero monsinore sansalvadortarra dohatsu izendatu du larunbat arratsaldean Vatikanoak bakearen eta justiziaren alde egiteagatik. San Salvadorren egin den ekitaldian 300.000 herritar inguru elkartu dira.

Angelo Amato Frantzisko aita santuak bidalitako kardinalak intsentsua eman die Romerok hil zuten egunean jantzita zeukan alkandorari eta martirien garaipenaren ikurra den palmondoari.

Mundu osoko hainbat ordezkari izan dira beatifikazio ekitaldian; besteak beste, Rafael Correa Ekuadorreko presidentea, Juan Orlando Hernandez Honduraseko presidentea, Juan Carlos Varela Panamako presidentea, Salvador Sanchez Ceren Salvadorreko presidentea, Miguel Diaz-Canel Bermudez Kubako presidenteordea, Helios Fallas Costa Ricako presidenteordea, Gaspar Vega Beliceko lehen ministro ordea eta Mexiko, Brasil, Kolonbia, Txile, AEB, Italia eta Nikaragua herrialdeetako ordezkariak.

Behartsuen alde lan egin zuen Romero monsinoreak, eta Armadak egindako krimenak salatu zituen. Heriotzaren eskuadroiek tiroz hil zuten 1980. urtean, San Salvadorreko Probidentzia Jainkotiarreko ospitaleko kapera batean meza ematen ari zela.

El Salvadorreko gerra zibilean (1980-1992) izandako krimenak ikertu zituen Egiaren Batzordeak, eta horrek ondorioztatu zuenez, Aliantza Errepublikano Nazionalistaren lider eskuindar Roberto D'Aubuissonek "lotura argia" izan zuen monsinorearen hilketarekin.

Bake-Akordioak hitzartu eta urtebetera, amnistia legea onartu zuten herrialdean, eta horrek Romeroren hilketa erantzulerik gabe utzi zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Gizartea Aita santua argazkiak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Latinoamerika Gotzain Biltzarraren albisteak gaur