Mundua -
Fundamentalisten protestak
Bost lagun hil dira Nigerren, 'Charlie Hebdo'ren kontrako protestetan
Teologo musulmanek indarkeria ekintzak eteteko deia egin dute, eta manifestariei eskatu diete kristau komunitatearekin bakean bizitzeko.
Erredakzioa
Bost lagun hil dira larunbat honetan Nigerren, Charlie Hebdo aldizkari satirikoak argitaratutako Mahomaren karikaturen kontra Niamei hiriburuan izandako manifestazioetan.
Gorpuak kiskalitako sei elizatan eta tabernetan aurkitu dituzte, Niameiko agintarek aditzera eman dutenez.
Bestalde, Zinderren ostiralean izandako antzeko protestaldietan beste bost lagun hil zirela baieztatu dute agintariek.
Guztira, hamar pertsona hil dira azken bi egunetan, Mahomaren karikaturen kontrako protesta ekitaldietan.
Niamei hiriburuan hainbat eliza erre dituzte, eta teologo musulmanek indarkeria ekintzak eteteko deia egin dute. Mahomaren karikatura gehiago argitaratu ondotik, hainbat protesta ekitaldi izan dira munduko hainbat txokotan, tartean, Nigerren.
EFEk berri eman duenez, gutxienez 6 eliza erre dituzte, baina lekukoen arabera, gutxienez, hamar eliza ingururi eman diete sua.
Teologo musulmanek herrialdeko irrati nazionalean hitz egin dute eta indarkeria ekintzak eteteko eta kristau komunitatearekin bakean bizitzeko deia egin dute.
Brig Rafini Nigerreko lehen ministroak, Hassouni Massaoudou Barne ministroak, Marou Amadou Justizia ministroak eta teologo musulmanek bilera egin dute. Teologoek azaldu dutenez, Gobernuak barkamena eskatu die herritarrei aurreko igandeko Parisko manifestazioan parte hartzeagatik; izan ere, manifestazio hartan Mahomaren hainbat karikatura erakutsi ziren.
Elizez gain, manifestariek Nigerreko Atzerri gaietarako ministroaren etxea erre dute. Poliziaren arabera, ez da inor zauritu, baina kalte materialak handiak izan dira.
Bestalde, Frantziak Nigerren duen enbaxadak zaintza areagotzeko eta kalera ez ateratzeko deia egin die frantziarrei.