Mundua -
Israel
Turkiako Gobernua: 'Netanyahu Parisko terroristak bezain gaizkile da'
Turkiako lehen ministroak "palestinarrak hiltzea normal bihurtu izana" egotzi dio Israelgo gobernuburuari.
Erredakzioa
Ahmet Davutoglu Turkiako Gobernuko buruak Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa "Parisko sarraskia egin zuten terroristak bezain gaizkile" dela salatu du.
Europar Batasuneko goi-kargudunekin bildu baino lehen egin ditu adierazpenok, kazetarien aurrean.
"Gazako hondartzan jolasean dauden umeak bonbardatzea, palestinarrak hiltzea normal bihurtzea eta nazioarteko uretan ontzi humanitarioetan dauden turkiarrak hiltzea gizateriaren aurkako krimenak dira, terroristek Parisen egin zuten sarraskia bezala", adierazi du, hain zuzen ere.
Akusazio hori Turkiako eta Israelgo agintarien arteko tirabiraren azken adierazpena baino ez da. Asteburuan, sarraskia salatzeko Parisen egin zuten manifestazioaren ostean, Israelgo lehen ministroak horretan parte hartu izana gaitzetsi zuen Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak. Izan ere, "terrorearen aurkako gerra zuzentasun moralak gidatu behar du" esan zuen.
Netanyahuk adierazpen hori salatzeko deia egin zion nazioarteari, eta Davutoglu bere presidentearen alde agertu da gaur.