Mundua -

Su-etena

Laguntza humanitarioa daraman beste konboi errusiar bat Luhansken

Ukrainako aginte militarrak errusiazaleek Donetskeko aireportuaren aurka egindako erasoak salatu ditu.

Laguntza humanitarioa
Laguntza humanitarioa
Laguntza humanitarioa

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errusiak Ukraina ekialdera laguntza humanitarioa eramateko bidali duen bigarren konboiko kamioiak gaur, larunbata, heldu dira Luhansk hirira.

Kamioiak Luhanskeko hornidura zentral batean daude, eta orain zama ibilgailuetatik ateratzen ari dira, Interfax albiste agentziak zabaldu duenez.

"Behar-beharrezkoak diren produktuen 2.000 tona ekarri dugu, hiriko eta eskualdeko herritarrentzat: ura, zerealak, azukrea, sendagaiak eta beste gauza asko", esan dute.

Gainera, jakinarazi dutenez, kamioiek asteak daramatzate laguntza humanitarioa eramateko prest, baina ezin izan dira lehenago abiatu "Ukrainako baimenik ez zutelako".

Laguntza humanitarioaren konboia osatzen duten 200 kamioietatik 70 heldu dira jadanik.

OSCEk baieztatu egin du

Europako Segurtasunerako eta Lankidetzarako Erakundeak (OSCE) baieztatu du Errusiako 220 ibilgailuk osatutako konboi batek Donetskeko muga zeharkatu eta Ukrainan sartu dela, herrialdeko agintariek aztertu gabe.

Errusiako konboiak (193 zama kamioi daude) goizaldean igaro du muga, OSCEren arabera, Vienatik igorritako ohar baten bidez zabaldu duenez.

68 preso, aske

Bestalde, OSCEren esanetan, goizaldean 68 preso aske utzi dituzte errusiazaleek eta Ukrainako Armadak, orain astebete adostutako su-etenak agindu bezala.

"Irailaren 12ko lehenengo orduetan, Avdeevkan, Donetsketik 18 kilometro ingurura, 68 preso aske utzi dituztela baieztatu du begiraleen Ukrainako Misio Bereziak", esan du OSCEk ohar baten bidez.

Preso horietatik 31 Donetsk Herri Errepublikako soldaduak dira, eta beste 37ak Ukrainako Segurtasun Indarreko kide dira. OSCEren arabera, trukea modu "zuzenean" eta "profesionalean" egin dute, 3:40 inguruan (hango ordutegia).

Erasoak Donetsken

Bien bitartean, Ukrainako aginte militarrak errusiazaleek Donetskeko aireportuaren aurka egindako erasoak salatu ditu.

Txosten ofizialean jaso dutenez, atzo gauean “hainbat gerrillarik hiriko aireportuaren inguruetan dauden Ukrainako soldaduen kokalekuei eraso zieten”.

Aginte militarrak ez du heriotzen berri eman, eta gaur goizean eraso gehiago izan direla gaineratu du. Donetsken ez ezik, 50 kilometrora dagoen Debaltsevo hirian ere erasoak izan direla salatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Mundua berriak Ukraina azken orduko Errusia albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Errusia-Ukraina gerra azken ordukoa