Mundua -

Gatazka

Ukrainako bakea arriskuan, enfrentamenduen ondorioz

Ostiraletik su-etena martxan dagoen arren, zibil bat hil da eta hainbat lagun zauritu dira Mariupol hirian, gauean izandako liskarretan.

Errusiako soldaduak Ukrainan. Argazkia: EFE
Ukraina. EFE
Enfrentamentuak Ukrainako Donetsk eskualdean

1:02

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ukraina ekialdean, 48 ordu baino gutxiago iraun du Kieveko indarren eta errusiazaleen arteko su-etenak. Bart berriro hasi dira enfrentamenduak, Donetsk eskualdean. Bi aldeek batak besteari botatzen diote errua.

Artilleria erasoak izan dira Mariupol hirian, eta ondorioak begibistakoak ziren gaur goizean. Mariupoleko herritarrak kalteak konpontzen saiatzen ibili dira.

Bertako agintariek jakinarazi dute gutxienez emakume bat hil dela eta beste hiru lagun zauritu direla gauean Mariupolen izandako liskarretan. 33 urteko emakumea su-etena indarrean sartu zenetik hil den lehen zibila da, Ukrainako hedabideek jakinarazi dutenez.

Gaur jakin da duela bi egun Minsken lortutako bake-akordioak jasotzen duen puntuetako bat dela Ukraina ekialdeak autogobernu handiagoa izatea.

Ukraina ekialdean bakea lortzeko asmoz Minsken duela bi egun sinatu zuten 12 puntuko protokoloan, "autogobernurako estatus berezia" aurreikusten da, baita Donetsk eta Luhansk eskualdeetan tokiko hauteskundeak egitea ere. Horrela jakinarazi du Europako Segurtasun eta Lankidetzarako Erakundeak (OSCE) bere webgune ofizialean.

Minskeko protokolo horretan, su-etena berehala ezartzeko eta presoak "guztiak guztien truke" formulapean aldatzeko eskatzen da, batetik, eta, bestetik, konpromisoa eskatzen zaio Ukrainari Donetsk eta Luhanskeko eremu batzuetan aldi baterako autogobernua ezartzeari buruzko lege bat adostu dezan.

Istiluak Donetsk hirira heldu dira (izen bereko eskualdeko hiriburura). Tiroketak izan dira hiriko auzo guztietan, gau osoan zehar eta baita gaur ere, auzokideek adierazi dutenez.

"Su-etena ez da bertan behera geldituko", istiluak dauden arren. Horrela jakinarazi du Vladimir Polevoi Ukrainako Segurtasun eta Defentsa Kontseiluko bozeramaileak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko berriak Ukraina albisteak Errusia argazkiak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Errusia-Ukraina gerra gaur