Mundua -

Ukrainako gatazka

Hauteskundeak eta ekialderako estatus berri bat, Minsken akordioan

Su-etena dagoen arren, zibil bat hil da eta hainbat lagun zauritu dira Mariupol herrian, gauean izandako liskarretan.

Errusiako soldaduak Ukrainan. Argazkia: EFE
Ukraina. EFE
Enfrentamentuak Ukrainako Donetsk eskualdean

1:02

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ukraina ekialdean bakea lortzeko asmoz Minsken duela bi egun sinatu zuten 12 puntuko protokoloan, "autogobernurko estatus berezia" aurreikusten da, baita Donetsk eta Luhansk eskualdeetan tokiko hauteskundeak egitea ere. Horrela jakinarazi du Europako Segurtasun eta Lankidetzarako Erakundeak (OSCE) bere webgune ofizialean.

Minskeko protokolo horretan, su-etena berehala ezartzeko eta presoak "guztiak guztien truke" formulapean aldatzeko eskatzen da batetik, eta, bestetik, konpromisoa eskatzen zaio Ukrainari Donetsk eta Luhanskeko eremu batzuetan aldi baterako autogobernua ezartzeari buruzko lege bat adostu dezan.

Ukrainako krisirako Kontaktu Taldearen bileran adostu duten dokumentuak baditu zenbait antzekotasun Petre Poroxenko Ukrainako presidentearen bakerako planarekin. Hala ere, errusiazaleek adierazi dute ez daudela independentziari uko egiteko prest.

Minskeko akordioan ageri den beste puntu bat "indar armatu ilegalak, gerrilariak eta mertzenarioak Ukrainako lurraldetik kanporatzea" da. Baina indar ilegal horiek zein diren ere adostu egin beharko da, izan ere, separatistek Ukrainako Guardia Nazionala jotzen dute ilegal.

Bakerako lehen urratsa izan daitekeen 12 puntuko protokolo honek, gainera, gatazka amaitu dela ziurtatzeko nazioarteko kontrol bat egotea aurreikusten du, Errusia eta Ukraina arteko mugan segurtasun eremu bat sortzea Nazioartearen zaintzapean, preso trukea egitea, eta korridore bat zabaltzea errefuxiatuak eta laguntza humanitarioa igarotzeko.

Bonbardaketa gehiago salatu dituzte

Su-etena dagoena arren, errusiazaleek jakinarazi dute lau lagun hil direla Donetsken izandako bonbardaketan.

Miliziarrek salatu dute eskubonbak jaurtitzeko aparailu automatikoak eta ibilgailu blindatuak antzeman dituztela Donetskeko aireportutik hurbil, Ukrainako Armadak kontrolatutako lekuan, hain zuzen ere.

Gainera, bertako agintariek jakinarazi dute gutxienez emakume bat hil dela eta beste hiru lagun zauritu direla gauean Mariupol herrian izandako liskarretan.

33 urteko emakumea su-etena indarrean sartu zenetik hil den lehen zibila da, Ukrainako hedabideek jakinarazi dutenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak 2024 Ukraina albisteak Errusia Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Hauteskundeak gaur Errusia-Ukraina gerra gaur