Mundua -

Ukrainako gatazka

Ukrainan su-etenak dirau, zenbait istilu egon diren arren

Gobernu sobietarrak tamalgarritzat jo du 28ek Errusiaren kontrako zigorra handitzea erabaki izana, Ukrainan bake prozesua adostu duten egunean.

Donetseko soldadua
Donetseko soldadua
Ukrainako su-etenak jarraitzen du, liskarrak egon diren arren

1:25

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ukrainako gatazkako bi aldeek atzo, ostirala, adostutako su-etenak indarrean jarraitzen du, eta Ukrainako Segurtasun Nazional eta Defentsarako Kontseiluak eta Alexandr Zakhartxenko Donetskeko errusiazaleen buruak zenbait istilu izan direla salatu duten arren, Petro Poroxenko Ukrainako presidenteak eta Vladimir Putin Errusiako presidenteak bi aldeak su-etena errespetatzen ari direla jakinarazi dute.

"Su-etenaren baldintzak ez dira guztiz bete. Goiz da istilu guztiak bukatu direla esateko", esan du Zakhartxenkok hedabideen aurrean, Kieveko indarrek Amvrosievka herriaren kontra egin dutela salatu ostean.

Bestalde, Adrei Lysenko Ukrainako Segurtasun Nazionaleko eta Defentsa Kontseiluko bozeramaileak salatu duenez, Ukrainako indarren kontra bonbak jaurti dituzte. Edonola ere, eraso gehienak bart izan dira, unitate guztiek sua eteteko aginduaren berri izan baino lehen, eta gorabehera horiek alde batera utzita, bi aldeetako soldadu gehienak errespetatzen ari dira Ukrainarako Kontaktu Taldeak Minsken egindako bileran adostutako su-etena.

"Terrorismoaren kontrako operazioko indarrek su etena bete dute, Petro Poroxenko komandante gorenaren aginduari jarraituz", ziurtatu du Lysenkok.

Su-etenaren protokoloaren (bakea lortzeko prozesuaren lehenengo pausoa da) arabera, Nazioarteak egingo ditu begirale lanak. Seguruenik Europako Segurtasun eta Lankidetzarako Erakundeak hartuko du lan hori bere gain.

"Gaur guk, errusiazaleok, hasi behar dugu presoak entregatzen, eta astelehenean ukrainarrak hastea espero dugu", esan du Zakhartxenkok.

Poroxenkok eta Putinek aldebiko su-etena betetzen ari dela jakinarazi dute

Petro Poroxenko eta Vladimir Putin Ukrainako eta Errusiako presidenteek telefonoz hitz egin dute gaur, eta atzo adostutako aldebiko su-etena betetzen ari dela adierazi dute. Hizketaldi horretan su-etenaren egonkortasuna bermatzeko jarraitu beharreko pausoen gainean hitz egin dute.

"Bi Estatuetako buruek oro har atzo adostutako su-etena betetzen ari dela aipatu dute. Petro Poroxenkok eta Vladimi Putinek su-etenaren egonkortasuna bermatzeko pausoez ere jardun dute", adierazi du Ukrainako presidentetzak ohar batean.

"Europako Segurtasun eta Lankidetzako Antolakundeak egoeraren gainean egin beharreko jarraipena azpimarratu dute bi aldeek", Errusiak kaleratutako oharraren arabera. Halaber, Donetsk eta Luhansk eskualdeetako errusiazaleei bidali beharreko giza laguntzaz ere solasean aritu dira.

Errusiak erantzungo du

Bestetik, Errusiako Gobernuak erantzun egingo die errusiarrek Ukrainako gatazkan izandako jokabidea zigortzeko EBk ostiralean euren kontra onartutako neurri berriei, Errusiako Kanpo Arazoetarako Ministerioak oharatarazi duenez.

"Neurri horiek aurrera badoaz, zalantzarik gabe gure aldetik erreakzioa egongo da", esan dute Ministeriotik ohar batean, eta tamalgarritzat jo dute 28ek Errusiaren kontrako zigorra handitzea erabaki izana, Ukrainan bake prozesua adostu duten egunean.

"Zigor gehiago egongo direla iragartzea izan da EBren erreakzioa, Ukrainarako Kontaktu Taldeak gatazka konpontzeko bilera egin eta ukrainar guztiak bakean bizitzeko akordioa lortu eta gero", gaineratu dute.

Erabaki horrekin, "Europar Batasunak babesa eman dio Kieveko 'gerraren alderdiari', Minskeko bileran hartutako neurriak ez baitira bere aldekoak", azpimarratu dute Errusiako Gobernutik.

Batasuna osatzen duten "herrialdeen eta Errusiaren ekonomia hondatzeko modua bilatu beharrean, EBk Donbasseko (Donetsk eta Luhanks barne hartzen dituen eskualdea) susperraldi ekonomikoaren alde lan egin zezakeen", azpimarratu dute.

Bestalde, 28ek argi utzi zuten atzo Errusiaren kontrako neurri berri hauek bertan behera gera litezkeela Ukrainan adostutako su-etena egonkorra eta egiaztagarria bada.

EBko herrialdeek Errusiaren kontra dagoeneko indarrean dauden zigor ekonomikoak areagotzea erabaki zuten. Neurriek kapital, defentsa, erabilera dualeko produktuei eta teknologia merkatuei eragingo diete.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko azken minutuko albisteak Ukraina Errusia albisteak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Errusia-Ukraina gerra