Gizartea -
Zientzia
Robot bizidun txikiak sortu dituzte igelen zelulekin
AEBko bi unibertsitateko zientzialariek "programa daitekeen izaki bizidun" bat sortzea lortu dute. Ozeanoan mikroplastikoak batzeko edo botikak emateko erabil daitezke, besteak beste.
Agentziak | Erredakzioa
AEBko zientzialari talde batek robot bizidun milimetrikoak —"xenobotak" deitu dituzte—sortu ditu igelen zelulak erabilita. Hainbat erabilera izan ditzakete, hala nola, gorputzean botikak sartzeko, hondakin toxikoak garbitzeko edota ozeanoetako mikroplastikoak batzeko.
PNAS aldizkariak kaleratu du Vermont eta Tufts unibertsitateetako zientzialariek egindako lorpena. Artikuluan azaldu dutenez, Vermonteko unibertsitateko zientzialariek superordenagailu bat erabilita diseinatu zituzten "izaki berri horiek", eta Tuftsekoak zelulak muntatu eta probatzear arduratu ziren. Lehen aldia da robot biologiko bat zerotik sortzen dena, zientzialari taldearen hitzetan.
Joshua Bongard Vermonteko unibertsitateko ikerlari eta robotikan adituak azaldu duenez, "makina bizidun berriak dira: ez dira robotak, ezta orain arte ezagutzen genuen animalia-espezie bat ere. Programa daiteken izaki bizidunak dira".
Michael Levin Tuftseko unibertsitateko Biologia irakasle eta ikerlariaren esanetan, "robot bizidun horiek beste makinek egin ezin ditzaketen gauzak egin ahalko dituzte: kutsakorrak diren konposatuak topatzeko, ozeanoetako mikroplastikoak batzeko edota giza gorputzeko arterietan barrena mugitzeko".
Nola sortu zituzten?
Xenobotak sortzeko robotika eta biologia teknika erabili zituzten zientzialariek. Aurrena, eboluzio-algoritmo bat erabilita, milaka bizi-forma ezberdin diseinatu zituzten. Ondoren, biofisikaren oinarrizko arauak aplikatuta, larruazal eta bihotz-muskuluko zelulek egin dezaketen prozedurak aztertu zituzten, eta arrakastatsuenak aukeratu zituzten, besteak baztertuz.
Ondoren, ordenagailu bidez egindako diseinuekin izaki bizidunak sortzeari ekin zieten Tufts unibertsitateko biologoek. Afrikako igel espezie baten ("xenopus laevis" delakoa, hortik dator xenobot izena) ama zelulak bildu, eta zelula bakarretan banatu eta inkubatzen jarri zituzten.
Horren ostean, pintza eta elektrodo txiki batzuk baliatuta, zelulak ebaki eta superordenagailuak egindako diseinuen arabera muntatu zituzten.
Ordura arte "ikusi bako gorputz forma berriak" lortu zituzten, eta zelulak elkarrekin lan egiten hasi ziren. Hala, larruazaleko zelulek jarrera pasiboa hartu zuten, eta bihotz-muskulukoek mugimenduak egiten hasi ziren, algoritmoek diseinatutakoen araberakoak. Hori horrela, robotak euren kabuz mugitzen hasi ziren.
Autonomoak izateaz gain, guztiz biodegradagarriak dira xenobotak: euren lana bukatzen dutenean, zazpi egunen buruan, larruazaleko zelula hilak bihurtzen dira.