Gizartea -

Trafikoa

29 urteko ertzain bat hil da Artatzako biribilgunean izan den auto-istripu batean

Auto batek geldirik zegoen beste baten aurka talka egin du gogor. Gidariak positibo eman du alkohol eta drogen probetan.

Ezbeharra 04:30 inguruan izan da. Argazkia: Iker Salgado
Hildako bat, Artatzako biribilgunean izan den auto-istripuan

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Getxoko 29 urteko ertzain bat hil da gaur, asteartea, Artatzako biribilgunean izan den auto istripu batean, lanera zihoala.

Segurtasun Sailak eitb.eus-i azaldu dionez, ezbeharra 04:30 inguruan jazo da, Bilbotik zetorren auto batek biribilgunean geldirik zegoen beste bat aurretik eraman duenean. Une horretan, errepidea bustita zegoen.

Talkaren ondorioz, geldirik zegoen autoaren gidaria, ertzaina, ibilgailutik atera ezinik geratu da, eta hil egin da.

Besteak positibo eman du alkohol eta drogen probetan; hortaz, atxilotuta eraman dute Gurutzetako Ospitalera (Barakaldo), zaurituta.

Ertzaintzak ikerketa abiarazi du ezbeharraren nondik norakoak argitzeko.

 

 

Erne: "Homizidio arduragabetzat hartu beharko litzateke"

Roberto Seijo ErNE Ertzaintzaren sindikatuko idazkari nagusiak esan du ertzainaren heriotza homizidio arduragabetzat hartu beharko litzatekeela.

Getxoko alkateak "nahigabea" erakutsi du

Ertzaintzako agentearen heriotzaren aurrean "nahigabea" erakutsi du Imanol Landa Getxoko alkateak. Halaber, Udalak ohar batean azaldu duenez, Landak "doluminak" eta "babes osoa eta beharrezkoa denerako baliabide guztiak" eskaini dizkio familiari, "une gogor hauetan". Horrez gain, biktimaren intimitatea errespetatzeko eskatu du, eta Ertzaintzari ere helarazi dio bere atsekabea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Trafikoa Getxo Bizkaia Gizartea Trafikoko telefonoak Trafiko webkamerak Eguneko albisteak Leioa Albisteak