Gizartea -

Santurtzi

2018ko Ibilaldiak 'helburuak bete ditu', antolatzaileen hitzetan

Milaka lagun batu dira igande honetan Santurtzin, Ezkerraldean euskara sustatzeko aldarriarekin bat eginda. Aurtengo hitzordua Bihotz Gaztea ikastolak antolatu du.

Ibilaldia 2018. Argazkia: EiTB
Ibilaldia 2018. Argazkia: EiTB
'Gaurkoa taupada handia izan da gure proiektuari indarra emateko'

1:20

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jendetza bildu da igande honetan Santurtzin 2018ko Ibilaldia ospatzeko, Bizkaiko ikastolen festa, hain zuzen ere. Santurtziko Bihotz Gaztea Ikastolak antolatutako bigarren Ibilaldia izan da; izan ere, 1995ean hitzordu bera prestatu zuen, 'Sinestezina' lelopean.

09:30ean abiatu da jaia, ikastolako patioan egindako protokolozko ekitaldiekin. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua ez ezik, Bingen Zupiria Kultura eta Hezkuntza sailburua eta Unai Rementeria Bizkaiako ahaldun nagusia izan dira.

Horiez gain, Koldo Tellitu ikastolen elkarteko presidentea eta hainbat ordezkari politikok hartu dute parte festan: Andoni Ortuzar EAJko presidentea, Maddalen Iriarte EH Bilduko parlamentaria eta Mikel Torres Bizkaiko PSEko idazkari nagusia eta Portugaleteko alkatea.

Bost kilometroko ibilbidean, itsasoaren kresalaz gozatzeko aukera izateaz gain, Serantes mendiaren magaleraino iritsi da Ibilaldia. Ikastolen aldeko festak, lau gune izan ditu eta publiko guztietarako emanaldi eta ekintzataz gozatzeko aukera eskaini dute.

SANTURTZI IBILALDIA 2018

Milaka euskaltzale bildu dira Santurtzin. Argazkia: EiTB

Balorazioa

Lan handiko eguna izan da antolatzaileentzat, baina oso pozik azaldu dira egunaren amaieran. "Helburu guztiak bete ditugu", adierazi du Andone Ruiz Bihotz Gazte ikastolako zuzendariak.

Izan ere, helburu nagusiak hiru izan dira: Ezkerraldean euskara sustatzea; ikastolaren baitan kohesioa handitzea eta Santurtziko eragileekin elkarlana sendotzea; eta ikastolaren azpiegiturak handitzeko eta hobetzeko dirua biltzea. "Euskara asko entzun da Santurtzin gaur, eta horrek asko pozten gaitu", gaineratu du Bihotz Gazte ikastolako zuzendariak.

2019ko Ibilaldia antolatzeko, Lekeitioko Azkue ikastolak hartu du Bihotz Gazte ikastolaren lekukoa.

Abestia eta bideoklipa

Bihotz forma duen sardina lataren irudiarekin eta 'Taup!' leloarekin, batera, bizirik eta indartsu euskararen alde lan egiteko prest dagoela erakutsi nahi du Bihotz Gaztea Ikastolak.

Ibilaldiari Ze Esatek! taldeak jarri dio musika. Ahotsa, berriz, Elena Caballero 'La Basu' eta Joane Larrea abeslariek ipini dute. Kantuaren letra Sustrai Colina bertsolariak egin du:

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskarari buruzko berriak Ibilaldia Hezkuntza legea berriak Santurtzi Zer gertatu da gaur Bizkaian? Gizartea Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Gaztea Hezkuntza