Gizartea -

FESTA ETA ALDARRIKAPENA

Milaka euskaltzale bildu dira Senperen, Herri Urrats jaiaz gozatzeko

Egun guztian zehar programazio oparoa izango da Senpereko lakuaren inguruan. Irakasle kopurua dela eta Frantziako Gobernuarekin dagoen ika-mikarekin bat egin du aurtengo jaiak.

Herri Urrats gaur. Argazkia: Olaia Otxoteko
Herri Urrats gaur. Argazkia: Olaia Otxoteko
Irakasleak kontratatzeko Frantziak jarritako trabak salatu dituzte Senperen

1:44

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Beste urte batez euskaltzaleak Senpereko aintziraren inguruan biltzen ari dira maiatzaren 13an Herri Urrats, Iparraldeko ikastolen aldeko festa, ospatu eta euskarari beste bultzadatxo bat emateko asmoz. Eguna triste esnatu bada ere, eguzkia atera da eta eguraldia lagun dute bertaratuek.

Aurten, hala ere, festak aldarrikapenarekin bat egingo du, eta Behe Nafarroako Larzabaleko Manex Erdozaintzi ikastolari laguntzeko dirua biltzeaz gain, Seaska, Iparraldeko ikastolen elkarteak, Frantziako Gobernuarekin irakasle kopuruaren inguruan daukan eztabaida berriz ere plazaratu eta euren eskariei oihartzuna emateko baliatzen ari dira jaia.

Gaur egun, Iparraldeko ikastolen ikasle kopuruak goraka jarraitzen du, eta 3.800 inguru dira jada. Ikasleen kopurua hazi den arren, irakasleenak bere horretan jarraiten du. Seaskaren iritziz, 25 irakasle gehiago behar dira irakaskuntza duina bermatzeko. Parisek, aldiz, lau irakasle berri baino ez ditu esleitzen.

Seaskako buruek Frantziako Gobernuarekin hitzarmen berri bat negoziatu behar dute datozen urteetarako eta kopuru horiek txukun zehaztu nahi dituzte. Ur Gorostiaga Seaskako zuzendariak honela azaldu du gatazka Euskadi Irratian: Gorostiaga: 'Irakasle horiek gabe, ez dugu ikasturtea abiatuko'

Jendea kontzertu baten zain, aurtengo Herri Urratsean. Argazkia: Olaia Otxoteko

Guneak eta programazioa

Lakuaren inguruko ibilbidea 7 gunek osatzen dute; Herri Urratseko gune bakoitza probintzia bat da eta horietan kontzertuak nahiz ekintza ezberdinak antolatu dituzte.

Arabako gunean esaterako, Korrontzi, Anita Parker eta Joseba Tapia eta Besamotzak bezalako taldeez gozatzeko aukera izango dute bertara hurbiltzen direnek.

Nafarroan, aldiz, Oihan Vega, 2zio eta Nogen taldeak arituko dira, besteak beste. Bizkaian bertsolarian entzuteko abagunea egongo da, eta Gipuzkoan zuzeneko dantzaz gozatzeko aukera egongo da.

Haurrek ere izango dute entretenitzeko aukera eta Araba, Xibero eta Lapurdi guneetan izango dute horretarako aukera. Hirutxuloko lagunak ere Senperera hurbilduko dira, zehazki Araba eta Xiberora. Baxe Nafarroak Erronka hartuko du.

HERRI URRATS 2018 EGITARAUA

Aldarrikapenak

Ikastolen garapenaren aldeko mezu positbo bat zabaldu nahi dute "Prefosta" leloarekin. Baina hala ere, orain arte lortu dutena borroka bidez lortu dutela gaineratu dute.

Behe Nafarroako Larzabaleko Manex Erdozaintzi ikastolari lagunduko dio aurtengo edizioak. Zuberoatik ikasleen herena joaten da Behe Nafarroako ikastola horretara.

2zio taldea arduratu da aurtengo abestiari musika jartzeaz. Osei Barroso izan da letra asmatu duena.

Aplikazioa

Aurtengo edizioa berrikuntzekin dator, eta horietako bat da sortu duten aplikazioa.

Guneetara hurbiltzen direnek, aplikazioaren bitartez, eurak dauden guneko programazioa edota gainontzeko gunetako programazioa kontsultatzeko aukera izango dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Herri Urrats Iparraldea Gizartea Albisteak Gaur Kultura Albisteak