Gizartea -
EAE-ko Auzitegi Nagusia
Prozesuak azkartu eta euskararen erabilera sustatu nahi ditu Biurrunek
Garbiñe Biurrun karguaz jabetu da, EAEko Auzitegi Nagusiaren lan-arloko aretoaren presidente berriro aukeratu eta gero.
Erredakzioa
Euskal epaileen eta magistratuen lana goraipatu du gaur Garbiñe Biurrun Euskal Autonomi Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Lan-arloko Aretoaren presidenteak. Horrela, lanaren kalitateagatik zoriondu ditu; izan ere, erreforma ugari egin dituzte eta lan-arloa “laborategi juridiko” gisa erabili dute.
Gainera, epaiketak bizkortzea eta euskararen erabilera sustatzea erronka bezala jarri ditu Biurrunek.
Lan-arloko presidente karguaz jabetu den ekitaldian, azken bost urteetan egindako lanari jarraipena emateko konpromisoa hartu du Biurrunek; izan ere, herritarren eskubideak babestu behar dituzte.
2011tik 2012ra “lan-arloko epaitegietan milaka auziren uholde bat izan da”, Biurrunek onartu duenez. Ondorioz, prozedurei erantzuna emateko denbora gehiago behar izan dute. Horrek epaileen eta magistratuen artean “frustrazioa eta atsekabea” eragin du, Biurrunen hitzetan.
Hala ere, epaien eta ebazpenen kalitatea goraipatu du aretoko presidenteak, nahiz eta kasuen pilaketa handia izan.