Gizartea -
Denboralea
Bost lagun hil dira Frantzian asteburuko hotz-boladaren ondorioz
Etxerik gabeko pertsonak dira denak. Hiru hipotermiak jota zendu dira, eta beste biak, berotzeko piztu zuten suaren ondorioz.
Erredakzioa
Etxerik gabeko bost lagun hil dira asteburuan Frantzian asteburuan izan den hotz-boladaren ondorioz. Hiru lagun hipotermiak jota zendu dira eta beste biak berotzeko piztu zuten suaren ondorioz.
Azken kasuaren berri gaur izan dute, Brie-Comte-Robert (Parisetik 30 km ekialdera) herrian kiskalitako bi lagunen gorpuak atzeman dituztenean. Abandonatutako eraikin batean topatu dituzte bi hilotzak. Polizia ikerketaren arabera, bi lagunek berotzeko sua piztu zuten eta azkenean garrak harrapatuta zendu dira.
Doauin, Frantzia iparraldean, 29 urteko gizonezko bat hipotermiak jota topatu zuten larunbatean udal langileek eta handik gutxira zendu zen. Kalean bizi zen eta gaua aterpetze batean igarotzea errefusatu zuen.
France Info irrati kateari Douaiko aterpetzearen arduradunetako batek adieraz dionez, gizonak "bere burua arriskuan ipintzen zuen" aterpeari uko eginda. Babeslekuan lekua zutenez, gizonaren bila joan ziren ostiral gauean baina ez zuten betiko lekuan topatu, lizeo bateko lokal batean babestu zelako.
Igandean, 46 urteko Belgikako gizaseme baten gorpua topatu zuten Mandelieu la Napoule herrian (Kostalde Urdina), kanpin-denda baten barruan. Aurretik ere, erietxean izandakoa zen gizona eta, oraingo honetan, hotzaren eta alkoholaren eraginez hil zen.
Egun berean, Parisen, 50 urteko gizonezko bat hil zen XII. barrutian. Hipotermia zantzuekin aurkitu zuten, eta lehen sorospenak egiten ari zitzaizkiola, bihotzekoak jota hil zen. Kasu honetan ere, gizarte laguntzei uko egin zien gizonezkoak.
Marisol Touraine Frantziako Osasun eta Gizarte Gaietako ministroak Europe 1 irrati katean azaldu duenez, aterpetxeak abenduaren 1etik martxo amaierara arte egongo dira zabalik; Parisen 700 lagunentzako tokia daudela erantsi du.