Gizartea -
Galiziako ontzia
Astelehenean hasiko dira berriro desagertutako arrantzaleak bilatzen
Larunbat gauean Baionan hondoratutako ontzitik beste lau arrantzale erreskatatu dituzte. Laurak Santoñara heldu dira, "ondo", baina "oso penatuta". Galizian daude dagoeneko.
Erredakzioa
Frantziako agintariek astelehen goizera arte utzi dituzte bertan behera desagertuta dauden bi arrantzaleen bilaketa. Larunbat gauetik daude desagertuta, euren ontzia Baionatik 72 kilometrora, ipar-mendebaldean, hondoratu ostean. Igande osoan zehar egindako lanek ez dute emaitzarik eman eta, hortaz, astelehenean ekingo diote berriro bilatzeari. Dagoeneko Galizian dauden beste lau bizirik erreskatatu dituzte.
Hondoratutako arrantza-ontziak ‘Safran’ izena du, eta Galiziako Celeiro-Viveiroko portukoa da.
Hain zuzen ere, Cariñoko (Coruña) ‘Osmerexos’ izeneko itsasontziak erreskatatu ditu istripua izan duten marinelak, eta berak eraman ditu Santoñara.
Momentuz, argitu gabe dago zer dela eta hondoratu den ontzia. Ezbeharraren gunean, ordea, 5-6 indarreko haizea, sagailoa eta baga-itsasoa dabil. EiTBk Santoñan jaso ahal izan dituen testigantzen arabera, ordea, itsasoaren egoera ez zen txarra. Oraingoz, ezbeharra zergatik gertatu den ari dira ikertzen.
Erreskatatuak, "ondo" baina "penatuta"
Arrantzontzia hondoratu ostean erreskatatu dituzten lau arrantzaleak Santoñara heldu dira arratsaldean, beste ontzi batean. Azken ontzi hori ere Galiziakoa da, eta laguntza eman zien hondoratutakoei.
Erreskatatuak –patroia eta beste hiru marinel- "ondo" heldu dira Kantabriako herrira, fisikoki, baina "oso penatuta eta kezkatuta", ontzia hondoratu eta gero bizi izan duten egoerarekin.
"Sustoa handia dute gorputzean", esan dio Europa Pressi Milagros Rozadilla Santoñako alkateak. Erreskatatutako lau marinelak Galiziara bidean daude.