Gizartea -
Gunea-ren aurkezpena
Politikan emakumeen parte hartzea sustatuko du Guneak
Gipuzkoako lehen Berdintasun Foru Kontseiluak Diputazioarekin zuzeneko elkarrizketa izatea du helburu.
Erredakzioa
Gunea Gipuzkoako lehen Berdintasun Kontseilua aurkeztu dute larunbat honetan Donostian, eta Gipuzkoako Emakumeen Elkarteetako eta mugimendu feministako hainbat ordezkari bertan izan dira.
Gunea berdintasunaren alde lan egingo duen partaidetza eta elkarrizketa espazio bat da. Gunearen helburu nagusiak emakumeen parte-hartze politiko eta soziala sustatzea eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarrizketa zuzena izatea dira, erakundeek erabakiak hartzerakoan ikuspegi feminista kontuan izan dezaten. Halaber, Gipuzkoako Diputazioa aipaturiko konpromisoa betetzeko prest agertu da.
Azken urtean Emakumeen Elkarteetako eta mugimendu feministak hainbat ordezkarik parte hartu dute Gipuzkoako lehen Berdintasun Kontseilua osatzeko prozesuan. Orain arte erakundeei aholkuak ematera mugatu dira kasik, eta hortik haratago joan nahi dute Guneako kideek. Halaber, erakundeek erabakiak hartzerakoan ikuspegi feminista izatea nahi dute.
Gipuzkoako Foru Aldundia egoera hori aldatzeko prest agertu da eta Larraitz Ugarte bozeramaileak nabarmendu duenez, emakumeak presentzia handiagoa izan behar du giro soziopolitikoan. Emakumeen elkarteetako ordezkariek, berriz, beren eskaerei jaramon egiteko eta familiaren zaintzan aurrerapausoak emateko eskatu dute.
Emakumeen elkarteek, berdintasun alorreko elkarte mixtoek eta norbanakoek osatzen dute Gunea.