Ekonomia -

GREBA HEZKUNTZAN

Hezkuntzako milaka langile kalera atera dira bigarren greba egunean

Sindikatuen arabera, jarraipen 'zabala' izan du, atzokoaren parekoa. Hezkuntza Sailaren hitzetan, jarraipen datuak atzokoak baino apur bat altuagoak dira.

Irudia: ETB
Irudia: ETB
Grebaren jarraipena atzokoaren antzekoa izan da

1:27

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko milaka langile kalera atera dira gaur eguerdian Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hiru hiriburuetan ELAk, LABek eta Steilasek deitutako manifestazioetan parte hartzeko. Bigarren greba eguna dute gaur beharginok, eta atzokoaren pareko jarraipena izan du honek.

Sindikatuek emandako datuen arabera, irakasleriaren % 75ek egin du bat greba deialdiarekin. Guztira, 26.000 irakasle inguru zeuden greba egitera deituta.

Gainerako taldeetan —heziketa berezia, sukalde eta garbiketa eta haurreskolak— irregularragoa izan da jarraipena. Izan ere, horietan ELAk eta Steilasek bakarrik deitu dute greba.

Sindikatuen esanetan, grebaren jarraipena % 60koa izan Hezkuntza Berezian, % 65ekoa sukalde eta garbiketan eta % 30ekoa Haurreskolan.

LABen esanetan, ordea, grebaren jarraipena txikiagoa izan da hiru sektore horietan: % 26koa Hezkuntza Berezian, eta % 20koa sukalde eta garbiketan eta Haurreskolan.

Eusko Jaurlaritzaren datuak

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak emandako datuen arabera, irakasleen % 43,73k egin dute greba, Hezkuntza Bereziko hezitzaileen % 26,06k, sukalde eta garbiketako langileen % 18,32k eta Haurreskoletako langileen % 14,04k.

Jaurlaritzak ohar bidez jakinarazi duenez, Haurreskola guztietako datuak bildu dituzte eta gainerako hezkuntza zentroen % 95.

Atzo, Eusko Jaurlaritzaren arabera, grebaren jarraipena % 42,9koa izan zen irakasleen artean, % 24,5ekoa Hezkuntza Berezian, % 17,1ekoa sukalde eta garbiketa sektorean eta % 15,6koa Haurreskoletan.

HUELGA EDUCACION HEZKUNTZA GREBA GASTEIZ EFE

(Gasteizko manifestazioa. Argazkia: EFE)

Manifestazioak Bilbo, Donostia eta Gasteizen

Atzo manifestazio bakarra eta bateratua egin bazuten ere (Gasteizen), gaur sindikatuek hiru manifestazio deitu dituzte, eguerdian, EAEko hiru hiriburuetan.

Bilbon milaka langile izan dira hiriko Kale Nagusia zeharkatu duen manifestazioan. Mobilizazioak hasi aurretik, Miren Zubizarreta ELAko ordezkariak gogora ekarri du irakasleen negoziazio mahaiak urtarrilaren 26an egin zuela azken bilera eta Eusko Jaurlaritzari ohartarazi dio protestei eusteko asmoa dutela. Apirilean lanuzteak egingo dituzte sektorez sektore eta ekainaren 12rako beste greba bateratu bat deitu dute.

"Ontzat emateko moduko proposamen zehatzik egiten ez duten bitartean, kalean eta borrokan jarraituko dugu", esandu Ana Perez Steilas sindikatuko ordezkariak.

Aitor Nuñez LABeko ordezkariak ere mezu bera igorri du eta Eusko Jaurlaritzari irakasleen negoziazio mahaiaren bilera lehenbailehen deitzeko eta kalitatezko hezkuntza bermatuko duen proposamena egin dezala exijitu dio.

Donostian ere milaka langile bildu dira, 'Hezkuntza Publikoen Irakasleak borrokan' lelopean.

Maider Izagirre LABeko ordezkariak mahai sektoriala deitzeko eskatu dio Hezkuntza Sailari  eta aitortu du sindikatu abertzaleen arteko harremanak ez daudela bere onenean. Nolanahi ere, "datozen egunetan elkartuko gara grebaren balantzea egiteko eta aurrerantzean eman beharreko pausuak zehazteko", erantsi du.

Gasteizen 2.000 behargin inguru elkartu dira manifestazioan. Aitor Idigoras Steilas sindikatuko ordezkariak esan du mobilizazio honek "EAJ eta Hezkuntza Saila benetako negoziazio batera eramateko" balio behar duela.

Horrela ez bada, "kalean borrokan jarraituko dugu", azpimarratu du.

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Eusko Langileen Alkartasuna albisteak Langile Abertzaleen Batzordeak Grebak gaur Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia berriak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Hezkuntzako albisteak 2024 Sindikatuen azken ordukoa