Itxi

Reala

Aurkezpena

Kieran Tierneyren iritziz, Realak "maila emango du" Txapeldunen Ligan

EITB MEDIA

Realak asteazkenean aurkeztu du ezker hegaleko atzelari eskoziarra; Arsenalek utzita jokatuko du Gipuzkoako klubean 2023-24 denboraldian. Jokalariak azaldu duenez, "gogor lan egitea" gustatzen zaio, eta hori da horren dohainik onena.

  • Kieran Tierney, aurkezpen prentsaurrekoan, Jokin Aperribay presidentearen ondoan. Argazkia: EFE.

    Kieran Tierney, aurkezpen prentsaurrekoan, Jokin Aperribay presidentearen ondoan. Argazkia: EFE.

Realak Kieran Tierney ezker hegaleko atzelaria aurkeztu du asteazken honetan. Tierneyk Arsenalek utzita jokatuko du Realarekin 2023-24 denboraldian, eta, esan duenez, taldeari "txapelketa guztietan laguntzea" du helburu. Horren iritziz, Realak "maila emango du" Txapeldunen Ligan. "Taldeak baikor izan behar du, Txapeldunen Liga merezi baitu. Bide egokian dabil, eta, Txapeldunen Ligan dudan esperientzia kontuan izanik, nire iritziz, maila emango dugu, hiru egun hauetan taldea oso gogor ari dela entrenatzen ikusi baitut", esan du futbolari eskoziarrak Donostian, Reale Arena futbol zelaian.

Tierneyren arabera, Martin Odegaard Arsenaleko jokalari eta Realeko futbolari ohia garrantzitsua izan da erabaki hori hartzeko: "Erraza izan da. Aukera pare bat nituen, baina, Reala tartean zegoela jakin nuenean, lehenik eta behin Odegaardekin hitz egin nuen; gauza bikainak esan zizkidan klubaren gainean, eta ongi etorria sentiarazi zidan", azaldu du.

Atzelari eskoziarraren ustez, "taldeari lagundu" ahalko dio, "denboraldian gauza onak lortzeko", eta "gogor lan egitea" da bere dohainik onena: "Egin ahal dudan onena da. Defendatzea gustatzen zait, eta areara gerturatzen diren aurrelariei laguntzea eta gure atean golik ez jasotzea", zehaztu du. Azpimarratu duenez, Realeko entrenamenduak "oso gogorrak" dira, baina gustuko du hori: "Gero, hori partidetan islatu egiten da, askoz ere hobeak direlako".

Horren arabera, "erabat prest" dago larunbatean Granadaren aurka jokatzeko, entrenatzaileak hala erabakiz gero.

Lagapena amaitutakoan Realean jarraitzeko aukeraz galdetuta, Tierneyk esan du futbolean zaila dela jakitea zer gertatuko den: "Nolanahi ere, orain oso pozik nago Donostian, eta ez dut etorkizuna buruan".