Itxi

Reala

Denboraldiaurreko azken lehia

Realak Betisen aurka garaipena bereganatuta itxi du denboraldiaurrea (0-1)

EITB Media

Aihen Muñozek sartutako gola erabakigarria izan da talde txuri-urdinak Andaluziakoa mendean hartzeko.

  • Betis - Reala

    Betis - Reala partidako jokaldi bateko irudia. Argazkia: EFE

Realak Betisen aurka garaipena bereganatuta (0-1) eman dio amaiera denboraldiaurreari. Txuri-urdinen eta Andaluziaren arteko neurketa abuztuaren 6ko goizaldean jokatu da, San Frantziskon (AEB). 

Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldeak galdu egin zituen denboraldiaurreko lehen bi partidak; Osasunaren eta Sporting Lisboaren aurkakoak, hain zuzen ere. Bestalde, irabazi egin zituen Bayer Leverkusenen eta Betisen kontrako lehiak, eta berdindu egin zuen Atletico Madrilekin.

Betisen aurkako partidan Reala egin da baloiaren jabe hasieratik. Hala, lehen abagunea minutua bete orduko iritsi da; Brais Mendezen jaurtikera, ordea, kanpora joan da oso gutxigatik. Sevillako taldea saiatu da txuri-urdinen nagusitasuna hausten, baina Reala aurkaria baino hobea izan da. Donostiako taldearen joko onak saria jaso du 69. minutuan Aihen Muñozek sartu duen golarekin (0-1): korner baten Kubok Aiheni eman dio baloia, eta hegaleko defentsak gol bikaina sartu du, ezkerrez jaurti eta Rui Silva atezaina gaindituta.

Orain, Realak etxean jokatuko duen Gironaren aurkako partidarekin ekingo dio EA Sports Ligari. Ondoren, Celta hartuko du Reale Arenan Ligako bigarren jardunaldian, eta Las Palmasi egingo dio bisita hirugarrenean.

Fitxa teknikoa:

0. Betis: Silva; Bellerín, Pezzella, Luiz Felipe, Miranda; Luiz Henrique, Rodriguez, Guardado, Ayoze; Isco; Cruz. Honako jokalari hauexek ere jokatu dute: Rodri, Roca, Juanmi, Pleguezuelo, Paul, Bartra, Sabaly eta Borja Iglesias.

1. Reala: Remiro; Muñoz, Le Normand, Zubeldia, Traore; Merino, Mendez, Gonzalez; Cho, Fernandez, Kubo. Honako jokalari hauexek ere jokatu dute: Oyarzabal, Turrientes, Rico, Barrenetxea, Navarro, Olasagasti, Pacheco eta Willian Jose.

Gola: 0-1, 69. min: Muñoz.

Epailea: Sergii Demianchuk (AEB). Txartel horiak atera dizkie Miranda, Guarado eta Roca Betiseko jokalariei, baita Willian Jose Realeko futbolariari ere.