Baskonia
Laugarren porrota jarraian
Maccabi Tel-Aviv-Caja Laboral, (81-70): Burua altxatu ezinik Euroligan
Andoni Beldarrain
Erredakzioa
Porrot honekin Baskonia ia behartuta dago datorren jardunaldian Prokomi irabaztera. Bestela txapelketatik at geratzeko aukera handiak izango ditu talde gasteiztarrak.
Caja Laboral Baskonia buru altxa ezinik dabil Euroligan. Gaur, Israelen beste porrot bat jaso du. Maccabi Tel-Aviv izan du aurkari eta israeldarrek garaipena lortu dute 81-70eko emaitrzarekin.
Partida nahiko berdinduta hasi zen. Bi taldeak ondo ibili zirenerasoan eta erraz saskiratzea lortzen zuten. Minutuak aurrera joan ahala markagailua parean mantentzen zen, baina lehen laurdeneko azken minutuetan Maccabik hobeto jokatu zuen eta sei puntuko aldea lortu zuten lehen hamar minutuen amaieran (21-15).
Bigarren laurdenean sendoago kantxaratu zen Baskonia eta laurden honetako lehen saskiratzeak Maccabiren aldekoak izan baziren ere (27-21) Caja Laboralek erreakzionatu eta bi alditan partida berdintzea lortu zuen (27-27 eta 29-29). Baina, azken minutu hauetan ere israeldarrak nagusitu egin ziren. Azkenean, 38-32ko aldeko markagailuarekin iritsi zen etxeko taldea atsedenaldira.
Atsedenalditik bueltan, Baskoniak lortu zuen Maccabik zeukan aldea sei puntu baino gutxiagokoa izatea. Pixkanaka, Ivanovicen mutilak aldeak murrizten hasi ziren eta puntu bakarrera jartzea ere lortu zuten (51-50). Baskoniak lau puntuko desabantailarekin bukatu zuen hirugarren laurdena (55-51).
Hirugarren laurdenean egindako lan ona, ordea, behera etorri zen azken laurdenean. Maccabik egurra eman zion Caja Laborali azken laurden honetan eta azkenean Baskoniak 81-70eko emaitzarekin partida galdu zuen.
Porrot honekin Caja Laboralek ia beharrzekoa du Prokomi Euroligako datorren jardunaldian irabaztea txapelketatik at geratzeko zorian ez egoteko.