Itxi

Baskonia

Euroliga

Partizan-Caja Laboral, (74-71): Baskonia infernuan kiskali da

Andoni Beldarrain

Erredakzioa

Partida berdindua eta ikusgarria izan da. Azken segudoetan erabaki da norgehiagoka serbiarren alde.

Caja Laboral Baskoniak galdu egin zuen Partizanen aurka Belgraden. Arabarrak ez dabiltza fin Euroligan eta 74-71ko emaitzarekin porrota jaso dute.

Etxeko taldeak hiruko batekin eman ekin zion norgehiagokari, baina Baskonia ez zen kokildu eta pixkanaka saskiratzeak lortzen hasi eta abantaila eskuratu zuen (9-16). Caja Laboralek zazpi puntuko aldea lortu zuenean parekatu zen partida eta abantaila horri eutsi zion talde gasteiztarrak lehen laurdenaren bukaeraraino (18-25).

Bigarren laurdenean gauzak asko aldatu ziren. Partizan aldeak murrizten hasi zen eta Baskoniarengandik bi puntura kokatu ere (31-33). Zaleen indarrarekin konfiantza hartu zuen etxeko taldeak eta markagailuan aurrea hartzea ere lortu zuen (34-33). Bigarren laurdenaren azken minutura 38-38ko berdinketarekin iritsi zen partida. Minutu horretan Partizanek gehiago asmatu zuen eta lau puntuko abantailarekin joan zen atsedenaldira (42-38).

Atsedenalditik bueltan Caja Laboral erritmo biziarekin kantxaratu zen. Azkar murriztu zuten desabantaila eta markagailuan ere aurrea hartu zuten (46-48). Orduan asko estutu zen partida eta berdintasuna izan zen nagusi. Hori dela eta, hirugarren laurdena berdinduta bukatu zen (56-56).

Baskoniak ezin hobeto hasi zuen azken laurdena. Gasteiztarrek 0-11ko partziala sartu zioten Partizani (56-67) eta etxeko taldea saskiratzerik lortu gabe mantendu zuten lau minutu eta 38 segundotan zehar. Bazirudien garaipena eskura zuela Baskoniak, baina etxeko taldeak ez zuen etsi eta partida bukaerarako bi minuturen faltan Baskoniarengandik hiru puntura kokatu ziren (66-69). Gainera, bukaerarko 30 segundoren faltan aurrea hartu zuen Partizanek (70-69). Azken segundoetan ez zuen ondo jokatu Baskoniak eta Partizanek garaipena lortu zuen 74-71ko emaitzarekin.

Fitxa teknikoa:

74; Partizan Belgrado (18+24+14+18): Djekic (3), Vesely (10), Kecman (12), Lafayette (8), Jaway (13) -hasierako bostekoa-, Klobucar, Katic (8), Gist (14), Milosavljevic, Lucic, Bozic (6)

71; Caja Laboral (25+13+18+15): Logan (14), Bjelica (2), San Emeterio (14), Teletovic (11), Barac (17) -hasierako bostekoa-, Ribas (4), Huertas (5), Oleson, Rancik (4), Musli.