Bilbao Basket
Eurocup (Final-laurdenak)
Nymburk-Bilbao Basket, (47-59): Gasteizko finala, gertuago
Andoni Beldarrain
Erredakzioa
Bizkaiak hasiera kaskarra eman dio partidari, baina atsedenaldiaren ondoren asko igarri da hobekuntza. Bilbotarrek 12 puntuko abantailarekin ekingo diote itzulerako partidari.
Bizkaia Bilbao Basketek garaipen garrantzitsua lortu zuen Eurocupeko final-laurdenetako joaneko partidan Nymburki 47-59 irabazita. Beraz, Gasteizko Lauko Finala gertuago dute bizkaitarrek. Gainera, 12 puntuko aldearekin ekingo diote Katsikarisen mutilek datorren asteazkenean BECen jokatuko den itzulerako partidari.
Partida hasieran oso indartsu zelairatu ziren txekiarrak eta 4-0 jarri ziren uarretik markagailuan. Jarraian Bilbao Basketen erreakzioa etorri zen partida berdintzeko (4-4). Minutu batzuk geroago, Katsikarisen mutilak abantailak lortzen hasi ziren lau punturainoko aldea lortuz (9-13). Laurden honetako azken txanpan, ordea, Nymburkek hobeto jokatu zuen eta aldeko 18-15eko emaitzarekin bukatu zituen lehen hamar minutuak.
Bigarren laurdenean Bizkaia oso gaizki aritu zen. Gaizki defentsan eta txarto erasoan. Egoera horri etekina atera zion talde txekiarrak eta hamar puntuko abantailarekin iritsi ziren atsedenaldira (32-22).
Atsedena hartu eta kantxara itzultzerakoan Bilbao Basketek defentsa sendotu zuen eta horrek fruituak eman zizikion talde bizkaitarrari. Pixkanaka, aldeak murrizten hasi ziren nahiz eta hirugarren laurdena zazpi puntuko desabantailarekin bukatu zuten (42-35).
Azken laurden erabakiorraren hasierako minutuetan Bizkaiak erasoko jokoa hobetu zuen eta partida berdintzea lortu zuen 33. minutuan (42-42). Minutu berean, abantaila hartu zuten bilbotarrek (42-45). Pixkanaka, aldeak handitzen zihoan Bilbao Basket eta azkenean 47-59ko emaitzarekin lortu du garaipena Bizkaia Bilbao Basketek.
Fitxa teknikoa:
47 - CEZ Nymburk (18+14+10+5): Lee (-), Lewis (17), Kremen (5), Necas (-), Benda (6) -hasierako bostekoa-; Lenzly (-), Sokolovsky (3), Pumprla (9) eta Ricci (7).
59 - Bizkaia Bilbao Basket (15+7+13+24): Javi Rodriguez (7), Warren (10), Mumbru (2), Hervelle (8) y Moiso (11) - hasierako bostekoa-; Salgado (-), Blums (9), Seibutis (-), Vazquez (-), Markota (2) eta Banic (10).
Partzialak: 18-15, 32-22 (atsedenaldia); 42-35 eta 47-59 (amaiera).