Bilbao Basket
Last 16a
Brose Baskets-Bilbao Basket, (55-76): Jaun eta jabe Eurocupean
Andoni Beldarrain
Erredakzioa
Bizkaiak 'Last 16'ko hirugarren garaipena lortu du eta final-laurdenak oso gertu ditu.
Bizkaia Bilbao Basketek 55-76 irabazi zion Brose Baskets taldeari Alemanian. Garaipen honekin hirutik hiru partida irabazi ditu talde bizkaitarrak Eurocupeko ''Last 16''ko K multzoan.
Partida motel hasi zen bi taldeetako bat ere ez baitzen minutu eta 42 segundoan saskiratzeko gai izan. Lehen saskiraketa alemaniarrek lortu zuten eta Bizkaiak Moissoren hiruko batekin erantzun zion (2-3). Ondoren, etxeko taldeak aldea hartu zuen (8-3), baina bilbotarrek berdintzea lortu zuten (8-8). Une horretan behera etorri zen Katsikarisen taldea eta Brosek 11-0eko partziala sartu zion (19-8). Azken minutuan erreakzionatu egin zuen Bilbao Basketek eta 21-16ko emaitzaz bukatu ziren lehen hamar minutuak.
Bigarren laurdena indartsu hasi zuen Bizkaiak. Lehenengo aldeak murriztu zituen eta laurden honetako bigarren minutuan aurrea hartu zuten (23-24). Indarra eman zion Bilbao Basketi markagailuan aurrea hartzeak eta 9 puntuko abantaila hartu zuen (23-32). Partida Bizkaiaren aldeko 10 puntuko abantailarekin iritsi zen atsedenaldira (27-37).
Atsedenalditik bueltan etxeko taldea saiatu zen aldeak murrizten, baina Katsikarisen mutilak ondo ibili ziren defentsan eta erasoan eta abantailak handitzen hasi ziren. Laurdena bukatzeko hiru minutu falta zirenean 17 puntuko abantaila lortu zuten bizkaitarrek (33-50). Hirugarren laurdena 37-52ko emaitzarekin bukatu zen.
Azken laurdenean Bilbao basketek ez zuen arazorik eduki aurretik lortutako abantailari begiratuz jokatzeko eta garaipena eskuratu zuten (55-76). Garaipen honekin Bizkaia Bilbao Basketek oso gertu du final-laurdenetarako txartela.
Fitxa teknikoa:
55 - Brose Baskets (21+6+10+18): Brian Roberts (6), Goldsberry (-), Jacobsen (12), Suput (7) y Pleiss (2) -hasierako bostekoa-; Tadda (-), Gavel (2), Garret (4), Wyrick (-), Elton Brown (22) eta Taylor (-).
76 - Bizkaia Bilbao Basket (16+21+15+24): Javi Rodriguez (4), Warren (14), Mumbrú (5), Hervelle (4) eta Moiso (6) -hasierako bostekoa-; Salgado (12), Blums (3), Banic (18), Markota (2), Seibutis (5), Vazquez (3) eta Hampl (-).