Bilbao Basket
Last 16
Bilbao Basket-Panellinios, (81-61): Garaiezinak Eurocupean
Andoni Beldarrain
Erredakzioa
Hirugarren laurdenean 11 puntuko aldea lortu du Bizkaiak eta azken laurdenean norgehiagoka erabaki du. Bilbotarrek ez dute partidarik galdu txapelketa honetan.
Bizkaia Bilbao Basketek beste garaipen bat lortu zuen Eurocupean. Oraingoan Panellinios garaitu zuen (81-61) eta bitik bi garaipen daramatza taldeak ''Last 16''an.
Partida saskiratze gutxirekin hasi zen bi taldeen aldetik eta horren erakusgarri 5. minutuan markagailuak erakusten zuen 5-5ekoa. Momentu horretatik aurrera hasi ziren gehiago saskiratzen aurkari biak eta lehen hamar minutuak 19-16ko emaitzaz bukatu ziren.
Bigarren laurdenean indarrak parean egon ziren. Bilbao Basket ihes egiten saiatu zen bi alditan. Lehenengoan Panelliniosek azkar murriztu zuen desabantaila, baina bigarrenean ezin izan zuten, ordea. Horrenbestez 9 puntuko aldearekin iritsi ziren bizkaitarrak atsedenaldira (41-32).
Atsedenalditik bueltan 11-0eko partziala lortu zuen Bilbao Basketek eta 20 puntuko aldea eskuratu ere (52-32). Ondoren greziarren erreakzioa etorri zen eta laurdena bukatzeko bi minutu falta zirenean 10 puntura kokatu zen Panellinios (54-44). Hirugarren laurdena 60-49ko emaitzaz bukatu zen.
Azken laurdenean oso ondo eta erraz jokatu zuen Bilbao Basketek eta ez zuten arazorik izan garaipena eskuratzeko (81-61). Garaipen honekin ''Last 16''ko K multzoko lidergoan da Bizkaia.