Reala
Anoeta
Reala-Osasuna (1-0): Tamudok Donostian utzi du derbia
A.B.
Erredakzioa
Aurrelari txuri-urdinak bigarren zatian egindako gol batek merezitako garaipena eman dio Martin Lasarteren taldeari.
Realak garaipen garrantzitsua lortu du Anoetan Osasunaren aurka jokatu duen euskal derbian. Tamudok egin du partidako gol bakarra 73. minutuan eta norgehiagoka erabakita utzi du.
Partidako hasierako minutuetan Osasuna izan zen nagusi nahiz eta ez zituen gol aukera argiegiak sortu. Pandianik eta Camuñasek egindako bi jaurtiketek urdirutasuna eraman zuten Anoetara. Hamabosgarren minututik aurrera Reala nagusitzen hasi zen eta gol aukerak sortzen ere. Zurutuzak gol aukera ona izan zuen 22. minutuan, baina bere errematea langa urratuz kanpora joan zen. Bi minutu beranduago Griezmannen jaurtiketa kanpora joan zen. Reala zen nagusi eta Osasuna ezinean zebilen. Ricardok erantzun ona eman zion Zurutuzaren burukadari lehen zatiko azken txanpan eta 45. minutuan Sarpongek izan zuen lehen zatiko gol aukera onena. Holandarra bakarrik geratzen zen Ricardo atezainaren aurrean, baina kontrol kaskarra egin zuen eta ezin izan zuen errematea egin. Lehehn 45. minutuak golik gabe bukatu ziren (0-0).
Bigarren zatian bi taldeek sortu dituzte gol aukerak. Lehen minutuetan Ricardok gola eragotzi zuen Griezmannen falta jaurtiketari erantzun ona emanda. Minutu gutxi barru Nekounamen jaurtiketak langa jo zuen. 66. minutuan De la Bellak baloia atepetik atera behar izan zuen Nekounamek errematea egin ondoren. Osasuna ondoen jokatzen ari zenean Realak gola egin zuen. Tamudo area barruan sartu zen eta Ricardo gainditu zuen 73. minutuan 1-0ekoa eginez.
Gola hartu ondoren Osasuna saiatu zen erreakzionatzen, baina Reala izan zen gol aukera gehien izan zituena. 79. minutuan Ricardok txuri-urdinen bigarren gola eragotzi behar izan zuen. Azkenean, Osasuna saiatu zen, baina Reala indartsu ibili zen defentsa lanean eta hiru puntuak Donostian geratu ziren. Azken emaitza 1-0ekoa izan zen Realaren alde.
Fitxa teknikoa:
1.- Reala: Bravo; Estrada, Ansotegi, Demidov, De la Bella; Aranburu, Rivas, Griezmann (Mikel González, min. 87), Sarpong (Sutil, min. 57), Zurutuza (Bergara, min. 77); Tamudo.
0.- Osasuna: Ricardo; Damia, Flaño, Josetxo, Monreal; Puñal (Vadocz, min. 82), Nekounam, Coro (Lekic, min 46), Masoud (Calleja, min. 64), Camuñas; Pandiani.