Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

21:30ean

Abortuaz arituko dira, gaur gauean, 'Ur Handitan' saioan

EiTB

Abortatu duten hainbat emakumeren testigantzak bilduko ditu Xabier Madariagak gaurko atalean.

0:27
'Ur Handitan' norbere bizitzaren jabe

Norbere bizitzaren jabe izenburupean abortuaz arituko dira gaur gauean 'Ur Handitan' saioan. Abortatu ala ez. Emakume askorentzat ez da erabaki erraza. Haurdunaldi batek hainbat emakumerentzat ilusioa eta bizipoza dakar, baina beste askorentzat ordura arte duten bizitzarekin sekulako haustura esan nahi du, desio eta nahi ez duten haustura.

Zuriñe Rodriguezek 15 urte zituen haurdun gelditu zenean; adin txikikoa zen, beraz. Haurdunaldi testaren emaitza ikusi bezain laster, argi izan zuen: ez zuen ama izan nahi. Abortatu ahal izateko bidea oso traumatikoa izan zela gogoratzen du. Legeak behartuta, gertatutakoa azaldu behar izan zien gurasoei, eta, aitaren laguntzarekin, haurdunaldia eteteko klinika batera joan zen. Ondo gogoratzen ditu begiradak, isiluneak, errudun sentimendua. Gaur egun, gai honetan eta emakumearen askatasunarekin zerikusia duten beste hainbatetan buru-belarri lanean dihardu. Uste du abortuak ez duela markatu bere bizitza.

Ekiñe Zurutuzak 27 urte ditu. 19 zituenean, haurdun zegoela jakin zuen. Berak ere ez zuen bere burua ama gisa ikusten. Bidaiatzea gustuko zuen, bizitza nomada zeukan, ume jaioberri batekin uztartu ezin zuen bizitza bat, bere hitzetan. Anbulatorioko emaginak pasarazi zizkion momenturik gordinenak, Ekiñek abortatzeko ideia bertan behera utz zezan hainbat iruzkin mingarri egin baitzizkion. Ezerk ez zuen, ordea, erabakia aldatzera bultzatu. Ekiñek bakardadean abortatu zuen. Handik bi astera kontatu zien aitari eta amari.

Maria Jesus Berrotaranek jada seme bat eta alaba bat zituen 1975. urtean haurdunaldia etetera joan zenean. Garai hartan, Estatuan debekatuta zegoen abortua, eta, horregatik, emakume askok atzerrira bidaiatzen zuten abortatzeko helburuarekin; gehienek, Londresera. Bazen, ordea, Ipar Euskal Herrian egin zuenik, garai hartan, Hego Euskal Herrian ez bezala, abortatzea posible zelako. Lagun batekin eta besoetan 10 hilabeteko semea zuela hartu zuen Maria Jesusek autobusa Baionarantz. Bere kasuan, klinika legala bazen ere, baldintza prekario eta klandestinoan gauzatu zuen abortua. Berarekin egin dugu, 45 urte beranduago, bidaia bera.

Iban Gonzalez Provida elkarteko kolaboratzailea da. Badaki gizartearen gutxiengo baten argudioa defendatzen duela. Bizitzaren aldeko argudioa, berak dioenez. Uste du haurdunaldia etetea ez dela emakumearen eskubidea, eta hori egin aurretik hainbat irtenbide egon daitezkeela sinesten du.

Naroa Iturri Askabide klinikako arduraduna da. Bertan, besteak beste, abortuak egiten dituzte. Aitzindariak dira horretan, eta era guztietako kasuak ezagutu ditu urte hauetan. Ez dago abortatzen duen emakumearen profil jakinik. Badago, ordea, emakume askok amankomuna duten ezaugarri bat: beldurra, errudun sentipena, lotsa.

'Ur Handitan' astearteetan, 22:30ean, izaten da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Telebista