Ur Handitan
22:30ean
Hertzainak taldeari eskainiko dio gaurko atala 'Ur Handitan' telebista saioak
EiTB
35 urte bete dira Gasteizko erreferentziazko rock taldeak bere lehenengo diskoa argitaratu zuenetik.
Hertzainak euskal talde mitikoa izango du ardatz 'Ur Handitan' telebista saioko gaurko atalak. 35 urte dira jada Hertzainak izeneko diskoa argitaratu zenetik. Garai asaldatuak ziren, politikoki eta ekonomikoki, eta Gasteizen ikasteko biltzen ziren gazteak mugimendu kultural inkonformista berri bat sortzen ari ziren.
Testuinguru horretan jaio zen hautsak harrotuko zituen Hertzainak taldea. Urteekin, arrakasta handia lortu zuten, baina hasiera ez zen batere erraza izan: horien hitz kritikoak zirela eta, euskal kulturaren munduak ez zien begi onez begiratu.
Hori guztiori gogoratuko dute 'Ur Handitan' programan Hertzainakeko taldekideek: Josu Zabala baxu-jotzaile eta taldearen sortzaileak, Gari abeslariak, Txanpi bateria-jotzaileak eta Kike gitarra-jotzaileak. Hasiera, kontzertu bereziak, alkohola eta drogak, polizialaren oldarraldiak eta beste istorio batzuk kontatuko dituzte, anekdotak ere gogora ekarrita.
Xabier Madariaga aurkezleak Josu Zabala taldearen liderra eta Gari taldearen frontman-a elkarrizketatu ditu, eta elkarrizketa horietan agerian geratuko da bataren eta bestearen bizipenak.
Hertzainaken inguruan ibilitako beste pertsona batzuk ere arituko dira parte programan, hala nola Bingen Mendizabal, Karra Elejalde, Alflredito, Bego Arrieta, Ruper Ordorika, Marino Goñi, Itxaro Borda eta Puri Alzelai. Horiez gain, Hertzainaken 100 kontzertutan baino gehiagotan egondako hiru jarraitzaileren hitzak entzungo dituzte, eta sorpresaren bat ere egongo da atalean.
'Ur Handitan' astearteetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.