Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:30ean

Nikaraguako egoera aztergai, gaur gauean, 'Ur Handitan' saioan

EiTB

Daniel Ortega presidente sandinistaren gobernuak pentsioak murriztu nahi izan zituen, eta, berehala, kontrako manifestariak agertu ziren kaleetan. Handik aurrera, giro txarra nagusitu da.

0:24

Gaur gauean, Nikaragua, sumendiaren barrutik atala eskainiko du 'Ur Handitan' saioak. Lantaldeak atzerrian egin duen saio sortaren azkena izango da, zortzigarrena, eta Nikaraguako egoera izango du aztergai.

Erdialdeko Amerikako herrialde exotikoa da Nikaragua, sumendien eta lakuen lurraldea. Ikusteko ederra da, baina azken hilabeteotan arriskutsu bihurtu da, sumendiak ez baitu abisatzen noiz lehertuko den. Apirilean hasi zen Nikaraguako leherketa. Daniel Ortega presidente sandinistaren gobernuak pentsioak murriztu nahi izan zituen, eta, berehala, kontrako manifestariak agertu ziren kaleetan. Handik aurrera, giro txarra nagusitu da Nikaraguan.

Kanpoko iritzi gehienek Gobernua jotzen dute errudun, baina Gobernuak dio manifestariak eurak izan direla "ezohiko bortizkeriaz" oldartu direnak. Zer gertatzen da benetan? 'Ur Handitan' Nikaraguako sumendi barruan izan da erantzun bila.

Nestor Lejarreta berriztarra Marino Lejarreta txirrindulari handiaren anaia da. Erretiroa hartu bezain pronto, Nikaraguara joan zen bizitzera, bikotekidea Managuakoa baitu. Gustura bizi da "epeletan". Nikaraguako gatazka atzerriko hedabideek puztu dutela uste du: "Nikaraguako gizartearen gehiengoa Daniel Ortegaren alde dago, baina hori ez da Europan irakurtzen dituzuen egunkarietan azaltzen".

Bestela pentsatzen duen beste gonbidatu euskaldun bat ere elkarrizketatu du Xabier Madariagak, izena eman gabe eta kamerari bizkarra emanda. Baldintza horiek jarri ditu elkarrizketa emateko: "Gobernua kritikatzen ikusten banaute, nireak egin du. Atxilotu edo herrialdetik botako naute. Nikaraguan bizi dugun egoera Frankismoa baino okerragoa da. Eta ez naiz esajeratzen ari. Frankismo garaian atxilotu ninduten, badakit zertaz ari naizen".

Nikaraguako gizartea guztiz polarizatuta dago, eta saioan zehar azalduko diren gonbidatuek oso errealitate ezberdinak azalduko dituzte. Herrialdea ahalik eta ondoen ulertzen laguntzeko, Nikaraguako gizartean pisu handia duen jendea izan du solaskide Madariagak, Luis Carrion komandante sandinista ohia eta azken hilabeteotako liskarrengatik alaba preso duen Carla Tamara Zamora ama, esaterako.

Nikaragua, sumendiaren barrutik atala izango da ikusgai, gaur, 'Ur Handitan' saioan, 22:30etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Telebista