Ur Handitan
22:15ean
Bullyinga hizpide, gaur gauean, 'Ur Handitan' saioan
A.H. | EITB
Eskola jazarpena gertutik bizi izan dutenen testigantzak bilduko ditu Xabier Madariagak.
EiTBren Bullyingari egurra/Guerra al bullying kanpainarekin bat egingo du gaurko 'Ur Handitan' saioak. Eskola jazarpena gertutik bizi izan dutenen testigantzak bilduko ditu Xabier Madariagak, eta horien artean, Aitziber Aldaberekin izango da: 10 urte ingururekin eskola jazarpena jasaten hasi zen eta, irainez gain, jipoi larriak jasan zituen. Orduan, bullyingaren kontzeptua ez zen existitzen eta bere amak ez zion gehiegizko garrantzirik eman.
Lehen pertsonan sufritzeaz gain, Aitziberren semeak bullyinga jasan zuen ere bai. Aitziberren testigantzarekin batera, bere amak egoera hauek nola bizi izan zituen kontatuko digu.
Oier Egaña 28 urteko sopeloztarrak bullyingaren bi aldeak ezagutzen ditu. Irainak eta kolpeak jaso eta ikastolaz aldatu ondoren, erasotzaile bilakatu eta bera hasi baitzen bullyinga egiten.
Bere anonimotasuna mantentzea eskatu duen nerabe batek azken urteetan jasan dituen eraso psikologiko zein fisikoak kontatuko ditu. Beste ama batek bere semeak jasandako istorio gogorra kontatuko du. Hiru urtez eskola berean egon ondoren, etsiturik, beste zentro batera aldatu behar izan dute.
Aizea Gallagher youtuber gazteak hamabi urte luzez jasan zuen bullyinga. Bere testigantza sare sozialetan elkarbanatu zuen eta berak jasandakoak bideo batean azalduko ditu astearteko 'Ur Handitan' saioan.
Testigantza horiez gain, azken urtean, bullyingaren prebentziorako Finlandiatik ekarritako KiVa ekimena gertutik ezagutuko dute Villabonako eskola batean.
Azkenik, Yolanda Atxa psikologoak, biktima eta erasotzaileekin egin beharreko lanketaz gain, gizarteak eskola jazarpen kasuetan duen erantzukizuna azalduko du.
'Ur Handitan' gaur gauean izango da ikusgai, 22:15etik aurrera, eitb.eus-en eta ETB1en.