Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

Erreportajea

Sexu-abusuak Elizan, gaur gaueko 'Ur Handitan' saioan

A.H. | EITB

Xabier Madariagak aurkeztuta, sexu-abusu kasu ezberdinen berri emango du saioak 22:15etik aurrera, eta Elizak horiei aurre egiteko hartzen dituen neurriak aztertuko ditu.

0:21

"Euskal Herrian ez dugu Elizaren sexu-abusu kasurik ezagutzen", esan zuen Juan Kruz Mendizabal Donostiako bikario ohiak Gabonen atarian emandako elkarrizketa batean. Bi hilabete geroago, ordea, bere kontrako hiru sexu-abusu salaketa direla eta, monasterio batean zigortuta bizi da, Donostiako Elizbarrutiak kargutik kendu eta gero. Euskal Herrian hautsak harrotu dituen auzia da Mendizabalena, eta gaurko 'Ur Handitan' saioan gertutik ezagutuko dugu kasua.

Joxe Arregi frantziskotar ohiaren ahotik, Mendizabal gaur egun nola dagoen jakingo dugu, eta, halaber, Mendizabalekin udalekuetan ibilitako hiru gaztek eta bere kontrako salaketa jarri duen gazte baten lagunek euren esperientzia pertsonala kontatuko dute.

Eliza eta sexu-abusuak lotzen dituzten kasuak, ordea, ez dira gaur egungoak bakarrik. Ana Morales bilbotarra 11 urterekin izan zen abusu horien biktima, eta 37 urte geroago, kamera aurrean kontatzea erabaki du. Testimonio gogorra kontatuko du, lehen pertsonan.

Horrez gain, beste galdera bat argitzen ahaleginduko da 'Ur Handitan' saioa: Elizak sexu-abusuen gaiari aurre egiteko behar bezalako neurriak hartu al ditu? Jose Luis Morras-Etayo epaile eklesiastikoak eta Pablo Ruiz de Cerro abokatuak euren iritzia emango dute.

Azkenik, Ziortza Karranza sexologoak zelibatuak Elizako kideengan zein ondorio izan ditzakeen azalduko du.

'Ur Handitan' gaur gauean izango da ikusgai, 22:15etik aurrera, eitb.eus-en eta ETB1en.