Txoriene
Gastronomia
Maider Unda, kroketak eta Hondarribiko kutixiak, 'Txoriene'n
A.A.
EiTB
Carpaccioa, pasta txinatar eta barazki entsalada, arrain-zopa tradizionala, urdaiazpiko kroketak eta bola pikanteak prestatzen ikasi dugu Zigor Iturrieta eta gonbidatuekin.
-
Zigor Iturrieta aurkezlea
Maider Unda borrokalari olinpikoa, kroketak eta Hondarribiko kutixiak izango dira aste honetan 'Txoriene' gastronomia saioko protagonistak. Arratsaldero, 15:00etan hasita, otordu sanoak eta goxoak prestatuko ditu Zigor Iturrieta sukaldariak.
Astelehenetan, kirolariak izan ohi dira gonbidatu ETB1eko gastronomia saioan. Oraingoan, Maider Unda borrokalari olinpikoa izan dugu. 2016an Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetara joateko prestatzen ari da Aramaioko borrokalaria, eta prestaketa horretan elikadurak nolako garrantzia duen azaldu digu. Bide batez, onddo carpaccioa Atxeta Idiazabal gaztarekin, izokin cancatoa Chiloeko erara babarrun beltzekin eta mascarpone budina prestatzen lagundu dio Zigor Iturrietari.
Asteartean, nutrizioan lan egiten duten adituen saioan, Aritz Urdanpilleta izan dugu. Kirola egiten dutenentzat egokiak diren platerak eta edariak nola prestatu erakusten digu Aritzek normalean. Kasu honetan, arroz integral eta ernamuin zopa, pasta txinatar eta barazki entsalada eta artatxiki gozokia esnearekin izan dugu menuan.
Asteazkenean, Arantza Urretabizkaia kazetari eta idazlea izan du gonbidatu Zigor Iturrietak, eta sukaldaritza tradizionala ekarri du ETB1eko saiora. Marko batean txukun-txukun gordetako antzinako errezeta bat ere erakutsi du gainera: bere aitona zenaren arrain-zoparen errezeta. Etxean arrain-zopa oraindik modu horretara egiten dutela azaldu du kazetariak.
Ostegunean, kroketak izan ditugu protagonista, Mr. Croquet etxeko Maddi Irazusta arituko baita sukaldean Zigorrekin. Donostiako Gros auzoan dago eta hainbat motatako kroketak edo fritoak saltzen dituzte. Etxeko erara egindakoak dira guztiak, eta harrera ona izan du Gipuzkoako hiriburuan. 'Txoriene'n hiru kutixia prestatu dituzte: urdaiazpiko kroketak, arrautzak bexamelarekin eta pikillo piperrak bakailaoz beteta.
Eta astea amaitzeko, pintxoak jatera joango gara. Hondarribiko Ignacio tabernako Mikel Aizpurua eta David Hernandez sartuko dira sukaldean. Hondarribiko San Pedro kalean dago, eta, herri horretan beste hainbat lokaletan bezala, pintxoek ematen diote bizia negozioari. Kasu honetan, bola pikanteak eta Etiopiako krepak prestatzen erakutsiko digute.
Astelehenetik ostiralera, 15:00etan hasita, plater goxo eta osasungarriak prestatzen irakasten du Zigor Iturrietak 'Txoriene'n, ETB1en eta eitb.eus-en.