Itxi

Teknopolis

Teknopolis

Teknopolis

ETB1en eta ETB2n

Aukera berriak ibilgailu elektrikoentzat, aste honetan, "Teknopolis" saioan

EITB Media

Besteak beste, errekuntza-motorreko autoak elektriko bihurtzea bilatzen duen 'retrofit' mugimendua izango dute hizpide. Dagoeneko elektrifikatuta dagoena Ortze itsasontzira ere egingo dute bisita.

  • Aukera berriak ibilgailu elektrikoentzat, "Teknopolis" saioan

    Aukera berriak ibilgailu elektrikoentzat, "Teknopolis" saioan. Elhuyar Fundazioa.

Aste honetako "Teknopolis" programan ibilgailu elektrikoen irudia aldarazi dezaketen zenbait esperientzia ezagutuko dituzte. Izan ere, ibilgailu berriekin lotu ohi ditugu ibilgailu elektrikoak, baina bada beste aukerarik. Autoen kasuan, adibidez, retrofit mugimendua dago, errekuntza-motorreko autoak elektriko bihurtzea bilatzen duena; auto "zaharra" elektriko bihurtzea, alegia. Teknikoki posible da, eta Europako legediak aukera ematen du, baina oztopoak ere badira. Aeconve elkartekoekin hitz egingo dute egoeraz.

Adibide baten bila Aretxabaletako Lanbide Heziketako zentrora jo dute; izan ere, han Volkswagen Beetle edo kakalardo klasiko bat egokitzen ari dira elektriko bihurtzeko. Dirua eta denbora behar da, baina, bidean, ikasleak aukera horretan trebatzen dira. 

Dagoeneko elektrifikatuta dagoena Ortze itsasontzia da. Makinen gelara jaitsiko dira bere funtzionamendua ezagutzera: jatorriz diesel motor bat darama, baina motor elektriko bat gehitu diote. Horrela, entxufatu daitekeen itsasontzi elektriko hibrido bihurtu dute. 

Entxuferik ez du behar, aldiz, Mondragon Unibertsitatea garatzen ari den sistemak: ibilgailua gelditu beharrik gabe bateriak kargatzea da asmoa, martxan dabilela. Horretarako ibilgailua eta errepidea bera egokitu beharko dira. 

Aukera berriak ibilgailu elektrikoentzat, aste honetako "Teknopolis" saioan: larunbatean, 13:30ean, ETB1en; eta igandean, 12:15ean, ETB2n. Bi emanaldiak eitb.eus-en ere jarraitu daitezke.