Teknopolis
ETB1en eta ETB2n
Kastoreak eta 6. olatua hizpide nagusi "Teknopolis" saioan, asteburuan
EITB Media
Alde batetik, Nafarroako lurretan bizi diren kastoreei buruz jardungo dira eta pandemiaren egoeraren eguneraketa egingo dute Ana Galarragarekin.
-
"Teknopolis" saioan kastoreen aztarnen bila. Argazkia: Elhuyar
Kastoreen atzetik ibiliko dira aste honetako "Teknopolis" programan. Oso gauza jakina ez den arren, kastorea Euskal Herriko ugaztun autoktonoa da. XVII. mendean desagertu zen ehizaren ondorioz, baina 2003an Belgikako talde batek, karraskari handi hau berreskuratu nahian, legez kanpo sartu zuen Aragoi ibaian, Nafarroan. Ordutik inguruko ibaiertzetan dabil. Saioak Arga ibaiaren inguruak miatuko ditu kastore bila eta, hala, Iruñerriko mankomunitateak eta Ornitolan Ingurumen Zerbitzuak enpresak Iruñeako hirigunetik oso gertu dauden kastoreak zaintzeko egiten duten lana ezagutuko dute.
'Teknopolis' saioa Arga ibaian
Gaurkotasunari ere arreta eskainiko diote asteburu honetan. COVID-19aren seigarren olatuaren puntan ote gauden ala beherantz goazen argitu nahiko dute Ana Galarraga Elhuyarreko zientzia dibulgatzailearekin. Omikron aldaera aurrekoak baino kutsagarriagoa suertatu da, baina, itxuraz, ondorioak ez dira hain larriak izan. Zergatik? Gripearen itxura hartzen ari ote da? Endemikoa? Galdera asko ditugu erantzun zain.
"Teknopolis," larunbatean ikusgai, 13:30ean, ETB1en eta igandean, ordu berean, ETB2n. Bi emanaldiak eitb.eus-en jarraitu daitezke baita ere.