Itxi

Teknopolis

Teknopolis

Teknopolis

ETB1 eta ETB2

Txipen krisia aztergai, "Teknopolis" saioan, asteburuan

EITB Media

Industriak duen arazo teknologiko honi buruz aritzeko Lander Beloki eta Iban Barrueta Mondragon Unibertsitateko bi aditu elkarrizketatuko dituzte.

  • Txip baten irudia. Argazkia: EITB MEDIA

    Txip baten irudia. Argazkia: EITB MEDIA

2021a koronabirusak, klima larrialdiak eta txipen krisiak markatutako urtea izan da. Azken honek eragin handia izan du industrian eta dagoeneko ikusi ditugu etenaldiak produkzioan automobilgintza-alorreko lantegi handienetan, eta arazoak gailu informatikoen horniketan. 2021eko udazkenean indarra hartu zuen txipen krisiak eta, adierazle guztien arabera, 2022an krisiak segida izango du. Egoera horren atzean dauden gakoak ezagutuko dituzte "Teknopolis" saioan Mondragon Unibertsitateko bi aditurekin: Lander Beloki Enpresagintza fakultateko dekanoa da eta Iban Barrutia Elektronika eta Informatika departamentuko ikertzailea. Bakoitzak bere alorretik txipen ekoizpenaz eta merkatuaz hitz egingo dute. 

Krisiak krisi, 2021a urte emankorra izan da zientziari dagokionez eta urtearen errepasoa egingo dute "Teknopolis" programan. Pandemia tarteko, txertaketa masibo baten testigu izan gara. Mundu mailako zientzialari eta ikertzaileek buru-belarri jarraitu dute covid-ari aurre egiteko bideak jorratzen. 2021ak, ordea, gehiagorako eman du. Adibidez, Perseverance ibilgailuak guztion begiak Marten jarri ditu, eta Euskal Herriko ikertzaileak natura ikertzen eta energia berriztagarriei ateak zabaltzen ikusi ditugu. 

Bukatzeko, Sarean atalean gabonetako izarrak, zuhaitzak eta argiak bilatuko dituzte. Badakizu munduko gabonetako zuhaitz handiena non jartzen duten? Eta astronautek nola ospatzen dituzten Eguberriak? Familia bazkari-afarietako pertsonaien sailkapen bitxi bat ere topatu dugu, ea horietako nor zaren zu.

"Teknopolis" larunbatetan izaten da ikusgai 13:30ean ETB1en eta igandeetan, 13:40ean, ETB2n. Bi emanaldiak eitb.eus-en ere jarraitzeko aukera izaten da.