Teknopolis
ETB1en eta ETB2n
EAEn abiatu berri den Ama Esnearen Bankua hizpide, asteburuan, 'Teknopolis'en
EiTB
Gainera, umeek frutak eta barazkiak jatera bultzatzeko proiektua ezagutuko dute.
Haur jaioberri batentzat elikagairik egokiena zein den argi dago: amaren esnea. Baina zenbaitetan amak ezin izaten dio bularra eman haurrari. Egoera hori ohikoa izaten da haur goiztiarren kasuan, eta, era berean, haur horiek dira behar handiena dutenak. Esne banku bat da konponbidea. EAEn abiatu berri den Ama Esnearen Bankua oso gertutik ezagutuko du aste honetako 'Teknopolis' saioak. Dagoeneko 30 emaile ditu, eta beste 80 emakume itxaron-zerrendan daude. Izan ere, ebidentzia zientifiko ugari dago ama-esneak haur goiztiarrentzako dituen onurez, eta beste ama batzuen eskuzabaltasunari esker haur goiztiarren beharra asetzeko modua eskainiko du.
Eta elikadura egokiari buruz ari garela, Bittor Rodriguez ikertzailearekin egongo da 'Teknopolis' saioa. Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile honek eta bere taldeak NAOS Estrategia saria irabazi dute frutak eta barazkiak jatea umeengan sustatzeko proiektu batengatik, eta badu zeresanik haurren elikaduraren gainean.
'Teknopolis' larunbat honetan izango da ikusgai, 13:30ean, ETB1en, eta igandean, ordu berean, ETB2n. Bi saioak streaming bidez eskainiko ditu eitb.eus atariak.