Teknopolis
Asteburu honetan
Paketeak eta paketeen garraioa hizpide, 'Teknopolis'en
A.E,|EiTB
Era askotako pakete eta garraio-moduak, gainera, eta gure egunerokoan erabiltzen ditugunak, nahiz eta horren jabe izan ez.
-
DHLko langileak, Forondan
Paketeak eta paketeen garraioa izango dituzte aste honetako 'Teknopolis' programan hizpide. Era askotako pakete eta garraio-moduak, gainera, eta gure egunerokoan erabiltzen ditugunak, nahiz eta horren jabe izan ez.
Geroz eta gehiago erosten dugu internetez. Eta bidalketa-enpresak askoz lan gehiago dute, ondorioz. DHL garraio enpresa alemaniarrak Gasteizko aireportuan zabaldu berri duen azpiegitura berriari bisita egin diote. Arratsaldean Europako iparraldean dagoen pakete bat, goizeko 9etarako etxeko atarian nola egon daitekeen ulertzea da helburua. Horretarako, noski, gauez egiten dute lan: goizeko 3:30ean iristen da lehen hegazkina eta 7etan azkena aireratzen da. Bitartean 12 hegaldiren zama kudeatzen dute: bataz beste, 25.000 pakete eta ehun tonatik gorako pisua.
Beste era bateko paketeen bidalketaz ere ariko dira, internetez informazioa (argazki bat, adibidez) paketeetan banatuta bidaltzen baita. Josu Doncel Euskal Herriko Unibertsitateko matematikariarekin hitz egingo dute interneten paketeek jarraitzen duten bideei buruz.
'Teknopolis' ETB1en larunbatean 13:30ean dago ikusgai eta ETB2n igandean 13:25ean.