Teknopolis
ETB1en eta ETB2n
Zahartzaroa aztergai, aste honetako 'Teknopolis' saioan
A.H. | EITB
Besteak beste, Alzheimer gaixotasuna ezagutuko dute gertutik eta haren inguruko bi ikerketa ezberdinen berri emango dute.
-
Adinekoak
Zahartzaroa izango du hizpide aste honetako 'Teknopolis' saioak. Gizartearen zahartzeak dakartzan arazoez eta erronkez hitz egingo du Javier Yanguas INGEMA Fundazioko zuzendariak. Euskadin bost pertsonatik batek 65 urtetik gora ditu, eta egoera horri egokitu beharra dago, ezinbestean, adinekoa izateak ez baitu esan nahi zaharra zarenik.
Dena dela, bizi-itxaropena luzatzeak osasun-arazoak dakartza berarekin, eta horietan nabarmenena alzheimerra da. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 45.000 lagunek dute, eta aurrerantzean gora egingo du kopuru horrek. Oraingoz ez du sendabiderik, baina gaixotasunari aurre egiteko ahalegin handiak egiten ari dira. Urrutira joan gabe, bi ikerketa erabat desberdin ezagutuko ditu saioak. Lehenengoa Gurutzetako eta Basurtuko ospitaleetan egingo duten saio kliniko bat da: emaitza itxaropentsuak eman dituen alzheimerraren aurkako botika bat probatuko dute. Gaitza erabat sendatzea zaila izango da, baina gaitzaren eragina gutxienez gelditzea da botika horren helburua.
Eta Debara joango dira bigarren ikerketa bat ezagutzera. Izan ere, Stop Alzheimer 2020 Deba proiektua jarri du martxan Cita-Alzheimer Fundazioak. Debako herritarren laguntzaz, ikerketa epidemiologiko bat egiten ari dira. 65 urtetik gorakoak aztertzen ari dira, dementziaren egoera ezagutzeko. Proiektu honetan, datu asko bilduko dira. Zenbat dementzia-kasu dauden eta zein fasetan, eta horietatik zenbat dauden aurrez diagnostikatuta, besteak beste. Datu horiekin guztiekin, alzheimerra goiz detektatzeko estrategia bat garatu nahi dute.
'Teknopolis' saioa larunbatean izango da ikusgai, 13:30etik aurrera, ETB1en, eta igandean, 10:25ean, ETB2n.