Sukaldaria
22:30ean
Etxarri Aranatzen izango da Joseba Arguiñano, gaur gauean, 'Sukaldaria' saioan
EITB
Joseba Arguiñanok Sakanako gastronomiaz eta bertakoen istorio bitxiez gozatzeko aukera izango du.
¿Sukaldaria saioak beste hainbat istorio berezi ekarriko ditu asteazken honetan. Nafarroa aldera joango dira, Etxarri Aranatz herrira, hain zuzen ere. Joseba Aguiñanok Sakanako gastronomiaz eta bertokoen istorio bitxiez gozatzeko aukera izango du.
Kirol munduan ezaguna den Oskar Lasa pilotari ohiarekin izango da gure sukaldaria. Kantxan egingo dute lehenengo geldialdia, baina, horrez gain, Oskarren egunerokoa ezagutuko dugu. Egun, Etxarriko taxi gidaria da, eta Sakanako leku sekretu batera eramango gaitu udaberriko zizak biltzera. Eta, zizak dastatzeko, Erkuden Urteaga Oskarren emazteak bildotsa txilindron erara prestatuko du.
Ondoren, teknologiaren aldeko apustua egiten duen behitegi batera joango da Joseba, Aberri Barandalla abeltzainaren eskutik. Joseba abereen eguneroko lanetan arituko da: behiak robotarekin jetzi, lurra traktorearekin harrotu eta, gainera, behien 'spa' eremuan lasaitzeko aukera ere izango du. Bestalde, behitegian jasotako esnearekin urdaiazpikozko kroketak egingo ditu.
Hurrengo parada igeltsero izandako Joxe Antonio Razkin artzainaren baserrian egingo dute. Ardi esnearekin gazta antzinako eran nola egiten den ikasiko du Josebak, eta oilategitik arrautzak jasoko ditu bere azken errezeta egiteko eta baita hurrengo protagonistaren pastela egiteko ere.
Izaskun Azpilikueta gozogileak postre bikain bat prestatuko du. Ukitu artistikodun fondant tarta berezia. Gainera, Josebak harritzeko moduko sorpresa gozoa gehituko dio tartari.
Aitor Mariñelarena (ezizenez, Bombo) bizilagunaren kantuak Marineletxe harategira eramango gaitu. Bertan eginiko produktu herrikoiak ezagutu eta dastatuko ditu Josebak; tartean, Etxarriko tripakiak. Gainera, azken errezeta Bomborekin egingo du, eta, horretarako, kantatzeko prest egon beharko du.
'Sukaldaria' asteazkenetan izaten da ikusgai 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.