#martyhilda
#EKIN_etenZiberbullinga
"#martyhilda" webseriearen telebistako estreinaldia, gaur gauean, EITB Median
EITB Media
Ondoren, ziberbullinga hizpide hartuta, Xabier Madariagak aurkeztuko duen "#martyhilda: fikzioa edo errealitatea?" saioa izango da ikusgai, testigantza eta adituekin.
EITB Mediak "#martyhilda" Txekiako webserie arrakastatsuaren estreinaldia eskainiko du 21:30ean. Ustekabean hil den 15 urteko Marty gaztearen istorioa da. Zendu aurretik grabatutako bideo beldurgarri sorta bat besterik ez du utzi atzean. Minak atsekabetuta, Martyren aita semearen online bizitzaren zati ikaragarriak berreraikitzen saiatuko da, bere amaiera tragikoaren nondik norakoak argitzeko. Semearen Facebook kontuan sartzea lortu ondoren, "Good-looking girls" profilarekin mezuak eta bideoak trukatzen denbora luzea zeramala jakingo du.
Kritikak asko goraipatu du Pavel Soukupek zuzendutako webseriea eta 2021ean atal laburren serie onenaren Emmy International saria jaso zuen. Benetako ziberbulling kasuetan inspiratuta dago, nerabeekin aritzen diren psikologoen, zibersegurtasuneko adituen eta arazoari aurre egiten aritzen diren beste profesional batzuen esperientzietan oinarrituta. Datorren apirilaren 5ean, webseriaren gaztelerazko bertsioa izango da ikusgai ETB2ko "La Noche de..." saioan.
"#martyhilda: fikzioa edo errealitatea?" Xabier Madariagarekin
Xabier Madariagak "#martyhilda: fikzioa edo errealitatea?" saioa eskainiko du igande gauean, ETB1en, webseriaren emanaldiaren ondoren. Bertan, ziberbulling kasu errealak eta testigantzak bilduko dituzte, eta horrekin batera adituen iritziak, arazoak Euskadin duen garrantziaren gakoak ezagutzeko.
Jasoko dituzten testigantzen artean, Mei Arregik bere bizipenak kontatuko ditu. Transexuala izateagatik bai eskolan zein sare sozialetan bullyinga jasan zuen. LGTBIQ+ kolektiboa maiz izaten da bullyingaren diana. Iban Garcia influencer eta youtuberraK ere interneten bizi eta ematen diren eraso eta jazarpen guztiak oso gertutik ezagutzen ditu.
Bestalde, hainbat aditu izango dituzte platoan: Esti Linares, Deustuko Unibertsitateko doktore eta ikertzailea; Tamara Martínez, gizarte-langilea; Alexander Rodríguez, orientatzaile eta psikologoa; Agueda Laraudogoitia, irakaslea, eta Ainara Miranda, abokatua.
#EKIN_etenZiberbullinga
EITBko hedabideek #EKIN_etenZiberbulinga kapaina abian jarri dute aste honetan, Internet bidezko gazteen jazarpenari buruzko informazioa eta eduki bereziak eskainiz.
Teknologia berrien eta sare sozialen erabilerak dakartzaten arriskuen artean, bereziki garrantzitsua da ziberbullinga, gazteen artean batez ere. Izan ere, adituek ohartarazi dute gazteen % 70ak ziberjazarpen motaren bat jasan izan duela.
Datu horien aurrean, EITBk bere gain hartu du ziberbullingarekin lotutako arazoak aztertu eta horiei buruzko informazioa zabaltzeko ardura, euskal gazteen artean praktika horien arriskuei eta irismenari buruzko sentsibilizazio kanpaina bultzatuz. Horretarako, #EKIN kanpaina jarriko du martxan, euskal gizartea kezkatzen eta eragiten duten arazoetan arreta jarriz, eta haien aurrean ekiteko beharra azpimarratuz, gizartea eraldatu eta hobetzeko.