Jateko Modukoa
22:30etan
Ezkontza-menuko platera eta amonaren errezeta, gaur gauean, "Jateko Modukoa" saioan
EITB Media
Adur, Gorka eta Xabier arituko dira sukaldean Lizaso gonbidatuarentzat kozinatzen. Klaudio Landak aurkeztuta, sukaldaritzaren bidez jende berria ezagutzeko aukera dute astero parte-hartzaileek.
Klaudio Landak aurkeztutako "Jateko Modukoa" saioaren atal berri bat izango dugu ikusgai gaur partehartzaile berriekin. Izan ere, Adur, Gorka eta Xabier izango dira Gorka Lizaso gonbidatuarentzat kozinatuko duten sukaldariak.
Lizasok ez die lan erraza jarriko sukaldariei: lehen errezetarako, lehengusuaren ezkontzan dastatu zuen plater sofistikatua eskatuko die; eta, bigarrenerako, berriz, Extremadurara bidaiatuko du eta bertako amonak prestatzen dion plater klasikoa eskatuko die. Sukaldariek aurre egin beharko diete inprobisaziotik sortzen zaizkien zailtasunei; izan ere, errezetarik gabe kozinatu beharko dute. Adurrek, gainera, hasieratik aitortuko du beste oztopo bat ere gainditu beharko duela: begetarianoa da. Postreak, berriz, sukaldariek etxetik ekarritako errezetarik onenak izango dira. Txokolatea maite duela iragarriko die gonbidatuak, baina Lizasoren gustuko zerbait prestatuko ote dute?
Ostegunero bezala, hiru sukaldariek prestatutako menu osoa dastatzeko aukera izango du gonbidatuak. Dastaketa, hori bai, itsu-itsuan izango da; plater bakoitza nork prestatu duen jakin gabe probatu eta baloratu beharko du puntuak emateko.
Klaudio Landa
Lizaso dasta-gelan dagoen bitartean, hiru sukaldariek berriketa gelatik jarraituko dute prozesua, eta puntuaketak handik ikusi ere. Gainera, bigarren platera kozinatzen duten bitartean, gonbidatuak hiru sukaldariak banan-banan ezagutzeko tarte bat izango du, aurrez-aurreko hitzordu batekin. Sukaldariren batek sorpresatxo bat ere gordeko du hitzorduan Lizaso txunditzen saiatzeko.
Astero bezala, amaieran, jakirik gustukoenak prestatzea lortu duen sukaldaria hobeto ezagutzeko aukera izango du gonbidatuak, afari batean. Orduan jakingo dugu gehien gustatu zaion sukaldaria izan ote den jateko moduko plater gehien prestatu dizkiona. Bat egingo al dute?
"Jateko Modukoa", Klaudio Landak aurkeztuta, ostegunero, 22:30etan, ETB1en eta eitb.eus-en.
Jarraipen zabala sare sozialetan
Telebistako eta webguneko emisioarekin batera, presentzia zabala du programak sare sozialetan, Instagram, Twitter eta TikTok kontuen bidez. Hala, nola ez, Twitterren jarraipena egingo zaio programa emititzen den bitartean, eta Instagramen eta TikToken jarraipen aktiboa egin zaio programari, eduki gehigarriak eskainiz.
"Jateko Modukoa" saioaren webgunea
Sareetan:
Instagram: jatekomodukoa_etb
Twitter: JatekoModukoa
TikTok: @jatekomodukoaetb
Atal guztiekin playlist berezia EITBren YouTube kanalean: youtube.com/EitbEus