Itxi Liburuak
22:30ean
Ez Dok Amairu taldea hizpide, gaur gauean, "Itxi Liburuak" saioan
EITB Media
Chill Mafia taldeko Kiliki Frexkok egingo ditu aste honetan irakasle lanak.
Gaur gauean, Ez Dok Amairu taldea eta hark piztutako sugarra izango dira "Itxi liburuak" saioaren ikasgai berria. Beñat Rodrigo Kiliki Frexko ezizenaz ezaguna den Chill Mafia taldeko abeslariak izango du oraingoan irakasle postuan jarri eta gaia kontatzeko erronka.
Gaizka Aranguren historia dibulgatzaileak lagunduta, Euskal Herriaren kulturan iraultza izan zen taldeari lotutako bizipen eta istorioak ezagutzeko aukera izango du Chill Mafiako musikariak. Ez Dok Amairuk bizirik jarraitzen duela esan ohi da, eta hori hala den ezagutuko dute gaurko atalean.
Horretarako, adituen laguntza izango dute, horien artean, Joxe Mari Iriondo, Irkus Robles, Mikel Markez, Jose Luis Treku eta Sara Zozaya izango dira saioan.
Egungo abeslarien erreferente den mugimenduak sortutakoa ikasleei azaldu beharko die gero Kiliki Frexkok, baina ez edonola. Ikusiko dugu estilo erabat ezberdina izan arren, Chill Mafian ere eragina izan duela Ez Dok Amairuk, eta gonbidatuak hainbat kontu ezagutzen dituela. Hala ere, ikusi beharko dugu ikasleen aurrean pasarte hau modu erakargarrian irakasteko gai izango ote den.
"Itxi Liburuak" ostegunetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.