Itxi

Irabazi arte

Irabazi arte

Irabazi arte

2. denboraldia

"Irabazi Arte!"ren estreinaldi handia, gaur, EITBn

EITB Media

21:00etan izango da ikusgai ETB1en, eitb.eus-en, EITBren YouTube kanalean eta "Go!azen"en appan. Istorio eta pertsonaia berriez gain, telesail arrakastatsuak segida izango du komiki digitalean eta Arenek eta Norak gidatutako podcastean.

0:30
Irabazi Arte

Lehenengo denboraldiak izan zuen harrera bikainaren ondoren, gaur estreinatuko da "Irabazi Arte!"ren bigarren denboraldia ETB1en, eitb.eus-en,  EITBren YouTube kanalean eta "Go!azen"en appan, 21:00etan. Pausoka ekoiztetxeak EITBrentzat sortutako telesaila istorio eta pertsonaia berriekin dator, eta multiplataforma eskaintza zabalarekin. Izan ere, telebistaz haratago, Printzesak futbol taldearen istorioek segida izango dute komiki digitalean (app formatuan) eta EITBPodkast-en, Arenek eta Norak emakume kirolariei egindako elkarrizketekin. 

Bigarren denboraldia aurkezteko Bilbon eta Donostian egindako aurrestreinaldiek erakutsi dute telesailaren jarraitzaileen artean dagoen ikusmin handia. Izan ere, galdera ugari utzi zituen erantzun gabe iaz: Larrak alde egingo al du? Peiok eta Anek elkarrekin jarraituko ote dute? Zer gertatu zen Jon eta Ametsen artean? eta garrantzitsuena: Arene Bartzelonara bueltatuko al da? 

Bilboko aurrestreinaldiko irudia

Bilboko aurrestreinaldiko irudia

Kontu horiek guztiak argituko dituzte ostiral honetatik aurrera ikusgai izango diren ataletan. Aurrez, dena den, telesailaren grabazio leku izan den Donostiako Mary Ward ikastetxera hurbilduko dira Sua Enparanza, Nahia Sillero eta Ane Iturrate aktoreak gaur goizean, bertako ikasleekin lehen atala ikustera. 

Pertsonaiak berriak 

Ekipora datorren Esti (Nahia Lacalle) Printzesa berriak neskak aztoratuko ditu, sekretu asko ezkutatzen baititu. Entrenatzaile berria ere ezagutuko dugu, Eunate (Dorleta Urretabizkaia), izotza bezain hotza den jokalari ohia; eta akabo Printzesen ekipo ahul eta kaotikoa: hainbeste kostata sortutako taldea gora egiten ikusiko dugu aurten. Printzesek Liga irabaztea izango dute helburu, baina, agian, Arene gabe lortu beharko dute. Izan ere, Arene ez da batere ondo konpontzen Eunate entrenatzaile berriarekin. 

Zelaitik kanpo ere aldaketa ugari izango dira. Denboraldi berri honetan neska-mutilak helduagoak dira eta hori haien arteko harremanetan nabarituko da. Erromantze eta harreman berriak sortuko dira, eta hasieran taldekide soilak ziren neskak benetako lagunak egin direla ikusiko dugu. Lilik ere bere erronka propioari egingo dio aurre: benetako lagun bat izatea zer nolakoa den jakingo du Malenekin (Joan Bainadore). 

Fenomeno transmedia 

"Irabazi Arte!"ren multiplataforma eskaintza zabala osatzeko, eta lehenengo denboraldiaren arrakasta ikusita, telesailaren podcastak bigarren denboraldia izango du. Ostiralero saretuko da Norak eta Arenek emakumezko kirolari erreferenteei eginiko elkarrizketak EITBPodkast atarian. Gainera, aurten, podcastek irudia izango dute bost, sei eta zazpigarren atalarekin bat etorriz. Zortzigarren atala, berriz, jendaurreko ekitaldi batean burutuko dute, eta streaming bidez ere eskainiko da. 

Beste plataformetako bat komiki interaktiboa da. Pantailetan scroll eginez, "Irabazi Arte: iraganeko mamua" narratiba honetan barrena murgiltzeko aukera dugu bineta interaktiboen bidez. Komiki digitala app eran dago eskuragai Android eta iOSen play storeetan KOMIKI APP izenarekin. 

Azkenik, ikus-entzunezkoaren eskaintza digitala borobiltzeko, webean, "Go!azen"en appan eta sare sozialetan (Instagram eta TikTok) telesailaren eduki esklusiboak, aurrerapenak eta jarraitzaileei zuzendutako erronkak egongo dira. 

Laboral Kutxa, Emakunde eta Joma ditu babesle nagusi "Irabazi Arte!"k.