Ihesaldia
Estreinaldia
'Ihesaldia' telesail berria estreinatuko da, gaur, ETB1en eta eitb.eus-en
EiTB
1976an Basauriko kartzelako bost presok egin zuten ihesaldi saiakera oinarri duen ekoizpena gauero izango da ikusgai, igandetik ostegunera, 22:00etan.
'Ihesaldia' telesail berria igande honetan, abenduak 15, estreinatuko da ETB1en eta eitb.eus-en. 1976an Basauriko kartzelako bost presok egin zuten ihesaldi saiakera oinarri duen bost ataleko ekoizpena da, eta gauero izango da ikusgai, igandetik ostegunera, 22:00etan. Jabi Elortegik zuzendu, eta ETBk eta Pausokak ekoitzi dute telesaila.
Egiazko gertakizunak oinarri hartuta, kontakizun askea
1976. urtean, Basauriko kartzelako preso talde batek bertatik ihes egin zuen itxurak egin zituen. Inor ez zen ohartu ziega barruan zeudela, ihes egiteko tunela zulatzen. Egiazko gertakizun horiek oinarri hartuta, kontakizun askea egin dute gidoilariek. Telesailean agertzen diren ekintza eta pertsonaia asko behar dramatikoen eraginez sortu dira, eta protagonisten izenak ere aldatu dituzte.
Iñigo Aranbarri eta Xabier Perurena dira 'Ihesaldia' telesaileko protagonistetako bi: Peio Arzamendi eta Josean Uriondo ETAko kide iheslarien papera egiten dute. Xabi 'Jabato' López eta Aitor Borobia aktoreak Diego Rojas 'Fugas' eta Julian Izagirre dira, ihesaldian parte hartu zuten preso arruntak. Ihes egingo duen taldeko kide dira, halaber, Jon Ander Alonso (PCEko kide zen Xabi Garcia de Ibar gorpuzten du) eta Aitor Beltran (kartzelan ETAko buru den Mikel 'Beltza' da telesailean).
Aktore nagusien zerrenda Nerea Gorriti (Ana Duo, Peioren emaztea), Miren Arrieta (Mertxe Rojas, 'Fugas'en arreba), Paco Revueltas (Juarez, kartzelako zuzendaria), Miren Gojenola eta Mikel Laskurain aktoreek osatzen dute, azken bi horiek Peioren gurasoen rolean.
Basauriko kartzelan dauden bost presok ihes egin dutela sinetsaraziko diote mundu guztiari. Haatik, asteak pasatuko dituzte teilatu zuloan ezkutatuta, egunez lo egiten eta gauez tunela zulatzen.
Egiazko istorio bat oinarri hartuta, gertakizunaren inguruan sortzen den tentsioa erakusten du telesailak: neguko hotzak harrapatuta, janari eta botikarik gabe ezkutatuta dauden presoen egoera kaxkarra; ihesaldian sartuta dauden ETAko kideak kontrolatu nahi dituen ETAren zuzendaritzaren presioak; ustez ihes eginda dauden preso horien familien jakin-mina, eta kartzelako zuzendariaren azpijokoa ihesaldiak bere lan-ibilbideari kalterik egin ez diezaion.
'Ihesaldia' abenduaren 15etik 19ra izango da ikusgai, ETB1en eta eitb.eus-en, 22:00etan.