Itxi

Hitzetik hortzera

Hitzetik hortzera

Hitzetik hortzera

21:20ean

'Azken bidaia' heriotzari buruzko bertso saioa, gaur, "Hitzetik Hortzera"n

EITB Media

San Telmo Museoan egindako saioko bertsoaldiak entzuteaz gain, kantuak dolu prozesuetan duen garrantziaz egingo du solas Eider Perezek Nere Erkiagarekin.

  • 'Azken bidaia' bertso saioa San Telmo Museoan

    'Azken bidaia' bertso saioa San Telmo Museoan. Irudia: Bertsozale Elkartea

Azken urtean zehar, emanaldi eta bertso saio berritzaileak bultzatu asmoz, Bidaiak deituriko saio tematikoak antolatzen aritu da Bertsozale Elkartea; eta heriotzari eskaini zion azkena, ekainean. Saio honetako bertsoaldi ederrenen hautaketa zabalaz gozatzeko parada izango da aste honetako "Hitzetik Hortzera" saioan. 

Azken bidaia izena hartu zuen Bertsozale Elkarteak eta San Telmo Museoak elkarlanean egindako saioak; denok egin beharreko azken eta behin betiko bidaia baita heriotzarena. Gaiaren inguruan aritu ziren bertsotan Andoni Egaña, Julio Soto, Maialen Lujanbio eta Miren Amuriza, eta Jon Sarasuak ere parte hartu zuen, bertso jarrien bidez. Ainhoa Aranburuk sortu zituen kanturako gaiak eta Aintzane Irazustak eman zituen oholtzan. 

Bertso horiez entzuteaz gain, heriotzak eta ahotsak duten loturaren inguruan hitz egingo dute saioaren antolaketan lagundu zuen Nere Erkiagarekin. Bertsozale Elkarteko lankidea izateaz gain, heriotzarekin lotutako gaien dibulgatzailea ere bada bera. 

Libe Kareaga aulestiarraren bertsoaldi kuttunekin osatuko da aste honetako programa. Andoni Egañak eta Maialen Lujanbiok 2009ko BECeko finalean botatako bertsoak aukeratu ditu. 

"Hitzetik Hortzera" 21:20ak inguruan izango dugu ikusgai gaur, Zinemaldiko itxiera galaren ostean, ETB1en eta eitb.eus-en. Ondoren, eskura izango da EITB Nahieran-en.