Hitzetik hortzera
Bertsolaritza
Bertso Udalekuak barrutik, "Hitzetik Hortzera" saioaren denboraldiaren lehen atalean
EITB Media
Eider Perezek aurkeztutako saioan, udalekuak gertutik ezagutzeko aukera paregabea izango dugu; baita abuztuan zehar plazak utzitako aleak entzuteko parada ere.
Ikasturte berriarekin batera itzuliko da "Hitzetik Hortzera" gure etxeko pantailetara. Bertso Udalekuak gertutik ezagutzeko aukera paregabea izango dugu; baita abuztuan zehar plazak utzitako aleak entzuteko parada ere.
Bertsolaritzaz gozatzeko aukera ugari eskaintzen ditu uda garaiak; tartean, Bertso Udalekuak. Hainbat haur, gazte, begirale eta sukaldari elkartzen dira urtero Bertso Udalekuetako txandetan, eta denboraldiko lehenengo saioan Irañetakoan murgiltzeko aukera izango du "Hitzetik Hortzera" saioak, larunbatean eta igandean, ETB1en eta eitb.eus-en.
Euskal Herriko hainbat txokotan egiten dira urtero Bertso Udalekuen txanda bat baino gehiago. Aurten, egoerak baldintzatuta izan bada ere, elkartu eta bertsoaz gozatzeko modu ezberdin eta berezi bat izan dute Euskal Herri osoko hainbat haur eta gaztek. Irañetako txandan izan da Eider Perez, bertsolariak etorri diren egunean hain zuzen ere, eta bertako protagonistekin solasean aritzeko aprobetxatu du.
Donostiatik Berriozarrera
Bertso Udalekuetako saioaz gain, Berriozarkoan eta Donostiakoan ere izango gara. Berriozarren, abuztuaren hondarrean, urteroko bertso jaialdia antolatu zen; eta Donostiako Piratek antolatutako Kabotajea 2021 programaren parte izan zen bertso saio musikatuaz ere gozatuko dugu aurreneko saio honetan.
Horrez gain, June Diaz ALBE Algortako Bertso Eskolako kidearen bertsoaldi kuttuna ezagutzeko aukera izango dugu, eta 2016ko Xilabako finalera egingo dugu jauzi berarekin.
Ez galdu, "Hitzetik Hortzera": larunbatean 21:00etan, eta igandean 15:00etan, ETB1en; eta edonoiz, EITB Nahieran atarian.