Itxi

Hitzetik hortzera

Hitzetik hortzera

Hitzetik hortzera

Bertsolaritza

ALBE Algortako Bertsolari Eskolaren 40. urteurrena, "Hitzetik Hortzera" saioan

EITB Media

Eskolaren ibilbidea eta azken urteotako saioen irudi eta bertsoaldiak gogoratzeko Jone Uria eta Unai Mendiburu albekideak izango dituzte gonbidatu.

  • Eider Perez, Jone Uria eta Unai Mendiburu "Hitzetik Hortzera" saioan

    Eider Perez, Jone Uria eta Unai Mendiburu. Argazkia: Bertsozale Elkartea

Asteburu honetan "Hitzetik Hortzera" saioak Algortako Bertsolari Eskola izango du hizpide nagusi. 1980. urtean sortu zen ALBE, Algortako Bertsolari Eskola, eta geroztik lan handia egin du Algorta zein Uribe Kosta bertsozaletzen eta bertsolaritzen. Aste honetako programan, Jone Uria eta Unai Mendiburu albekideekin elkartuko da Eider Perez, eta iazko urteurrenaz eta ALBEren ibilbideaz solastatzeko aukera izango dute.

ALBEk ezin izan du 40. urteurrena nahi bezala ospatu, baina ez da eskuak gurutzatuta gelditu, eta 2020ko urtean zehar saio gehienak gauzatzea lortu du ahal bezala. Oro har, bertso-eskola guztientzat dira garai zailak, bertsotarako elkartzea bera ere ia ezinezko bilakatu baita zenbait talderentzat.

Amaigabea da ALBEk, Uribe Kostako eragile eta udalekin elkarlanean, antolatzen dituen bertso saioen zerrenda. Bertso Maratoia, Bertso Jaialdi Mundiala edo Balkoitik Balkoira dira saio esanguratsuenak, eta, horiez gain, Balendin Enbeita Bertsopaper Sariketa, ALBE Gala, ALBE Eguna edota ABRA Saria ere nabarmentzen dira.

Lezamatik Oriora

ALBEk antolatzen dituen saio esanguratsuenen irudiak ikusteaz gain, Lezamako saioko bertsoaldiren bat eta Orion abenduaren hasieran izandako saioko bertsoaldiez gozatzeko aukera ere izango dugu. Bertsoaldi Kuttunaren atalean, berriz, Joxeba Altuna Orioko bertsozaleak 2017ko Txapelketa Nagusiko finalera eramango gaitu, Maialen Lujanbioren eta Unai Agirreren artean osatutako ofiziora, hain zuzen ere.

"Hitzetik Hortzera" ETB1en eta eitb.eus-en izango da ikusgai larunbatean, 21:00etan. Igandean, berriz, ETB1en izango da ikusgai, 15:00etan.