Hitzetik hortzera
ETB1en, 15:00etan
Bertso Ahobiziak eta Belarriprestak, gaur, 'Hitzetik Hortzera' saioan
EiTB
Arrate Illaro bertsolari eta Euskaraldiko koodinatzailearekin egongo dira, baita AEK-ko irakasle eta ikasle banarekin ere. Euskara gai hartuta entzungo ditugu bertsoak.
-
Eider Perez aurkezlea Arrate Illaro Euskaraldiko koodinatzailearekin. Argazkia: EiTB
Gure hizkuntza ohiturek euskararen kaltetan jokatzen dute sarri. Horiek aldatzeko asmoz antolatu dute Euskaraldia: hamaika egunez harremanak euskaraz egiten ahaleginduko gara. Ahoak bizi eta belarriak prest izateaz badaki zerbait bertsolaritzak eta igandeko 'Hitzetik Hortzera' saioan euskararen erabileran eraginik izan duen jakingo dugu. Norbait gerturatu ote da euskarara bertsolaritzak erakarrita? Zenbat bertso eskola izan ote dira arnasgune?
Arrate Illaro bertsolari eta Euskaraldiaren koordinatzailearekin elkartuko da Eider Perez bere esperientzia ezagutzeko. Batetik, tamaina honetako ekimen baten atzean dagoen lana ezagutuko dugu eta zer nolako erantzuna izaten ari den; eta bestetik, bertsolaria eta getxoztarra izanik, eremu ez hain euskaldunetan bertsolaritzak nola eragin duen galdetuko diote.
AEK-ko irakasle den Mikel Arrillaga eta bere ikasle den Asier Azkuerekin elkartuko dira ondoren. Mikelek bertsoak erabiltzen ditu bere eskoletan eta bertsolaritza ikasteko tresna modura nolakoa den galdetuko diote. Asierrek ispiluaren beste aldea azalduko du: eraginkorra al da bertsolaritza hizkuntza ikasteko?
Azkenik, Ermuako antzokian izan zen saioko bertsoaldiak eskainiko ditu 'Hitzetik Hortzera'k. Andoni Egaña, Igor Elortza, Maddalen Arzallus, Maialen Lujanbio, Sebastian Lizaso eta Uxue Alberdik hartu zuten parte, Maite Berriozabalen esanetara. Gainera, azken hilabeteotan Euskaraldia gai hartuta kantatutako bertsoaldiak entzungo ditugu.
'Hitzetik Hortzera' saioa igandeetan izaten da ikusgai, 15:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en. Ondoren, EiTB Nahieran atarian egongo da.