Itxi

Hitzetik hortzera

Hitzetik hortzera

Hitzetik hortzera

Bertsolaritza

Arabako ekosistema, 15:00etan, 'Hitzetik Hortzera' saioan

EiTB

Bertsolaritzaren maparen aurrean kokatu eta ertzak zabaldu beharrean ingurune jakin batean sakonduko du igandeko saioak.

1:32

Igandeko 'Hitzetik Hortzera' saioak Araban bertsolaritza nola bizi den ikertuko du; horretarako, Eider Perez aurkezlea Gasteizera joango da. Hainbat bertso-eskola daude lurralde osoan zehar, eta helburu, ezaugarri eta amets ezberdinetako zaleek eta bertsolariek hartzen dute parte aterpe horietan; Aroa Arrizubietak eta Felipe Zelaietak kontatuko dute beren esperientzia.

Oihane Perearekin ere egongo da saioa, Arabako egungo txapeldunarekin. Bertso-irakaslea da haur eta gaztetxoekin eta oso ondo ezagutzen du zein den egun Arabako mugimenduaren egoera. Halaber, Xabi Igoa Aramaioko bertsolariarekin hitz egiteko aukera izango du Eiderrek.

Aramaioko Kopla Txapelketa

Arabako Bertsozale Elkarteak bertso-jaialdia antolatu zuen urriaren 18an Gasteizko Jimmy Jazz aretoan. Igandeko saioan jaialdiko bertsoaldi onenak entzuteko aukera izango da. Aintzane Irazusta eta Marta Ugarteren gidaritzapean kantuan aritu ziren Iñaki Viñaspre, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña eta Amets Arzallus.

Aramaioko bertso-eskolak antolatuta, Kopla Txapelketa izan zen Aramaion urriaren 19an. Guztira, 12 bertsolari gaztek hartu zuten parte eta arratsaldean herriko kaleetan bi kanporaketa jokatu ostean, Iturrieta sagardotegian izan zen finala. 'Hitzetik Hortzera'k finaleko kopla onenak eskainiko ditu. Finaleko oholtzara igo ziren Maider Arregi, Jokin Labayen, Txaber Altube, Andere Arriolabengoa, Peru Abarrategi, Aitor Esteban, Martin Berrizbeitia eta Aitor Ugarte.

'Hitzetik Hortzera' saioa igandetan izaten da ikusgai, arratsaldeko 15:00etan eitb.eus-en eta ETB1en. Beranduago EiTB Nahieran atarian ere ikusteko aukera izango da.