Herri txiki, Infernu Handi
22:15ean
"Herri Txiki, Infernu Handi" saioaren 200. atala, gaur gauean, EITB Median
EITB Media
Berrehungarren atalaren ospakizuna Gizaburuagan egingo dute Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik, bakarrizketa ekitaldia ospakizun festa bihurtuz.
"Herri Txiki, Infernu Handi" saioaren 200. atala Bizkaiko Gizaburuaga herrian ospatuko dute gaur Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik. Herri txiki eder honek, hain justu ere, 200 biztanle ditu eta horregatik, saioak azken zortzi urteetan bisitatutako 200 herriren izenean, Bizkaiko txoko honek izango du "Herri Txiki, Infernu Handi"ko ospakizun festa jasotzeko ohorea.
Saioaren bakarrizketa ekitaldia ospakizun festa bihurtuko da, jai erraldoi bat. Aurkezleek gidatuta, eta herritarren laguntzarekin, atal oso berezia eskainiko dute: acting umoretsu gehiagorekin, ospakizun tartarekin, bideo omenaldiekin eta su artifizialekin.
Azken zortzi urte hauetan, Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik Euskal Herrian barrena 200 herri txiki bisitatu dituzte. Bai herrietan eta baita audientzaren aldetik ere harrera bikaina izan dute. Saioak 2022an, % 3,3ko audientzia-zatia eta euskaldunen arteko % 8,6ko kuota eskuratu ditu, bataz beste, eta igandero, 92.000 ikus-entzulek bat egiten dute "Herri Txiki, Infernu Handi" saioarekin Euskadin eta eragin eremuan.
Gizaburuagako atala
Gizaburuagako festak bihurtuko du saio hau ezberdin, egituraz, "Herri Txiki, Infernu Handi" saio arrunta izango den arren. Saioan agertuko diren protagonisten artean, hasteko, Markel eta Oier anaiak ezagutuko dituzte. Suziriak botaz, herriko jaiei hasiera emateaz arduratzen dira, eta horrez gain, kanpai-jotzaile ofizialak ere badira. 200. saioa modu berezian hasteko, festarako deia egingo dute suziriak botaz eta kanpaiak joz. Eta amaieran, herri guztiarentzat ikusgai izango diren suak eskainiko dituzte.
Gainera, Amaia Zabala alkateak herri txikien izaera aldarrikatuko du. Ospakizun festan txapel bat jarriko diote 200 zenbakiarekin, Euskal Herriko herri txiki guztien izenean.
Halaber, Arnaitz Aboitiz Lekeitiotik etorritako herriko "kolonoetako" bat oso erronkazalea da eta Pagadik ekitaldi nagusian egiteko erronka berezi bat proposatuko dio: pilotalekuari, saioaren omenez, 200 itzuli ematea korrika.
Bestalde, Miren Zamora, 87 urteko emakume heldua, sasoikoa eta umoretsua bisitatzeko aitzakiarekin, 200 saio hauetan ezagutu dituzten emakume heldu ahaztezin horiek omenduko dituzte, bideo berezi eta hunkigarri batekin. Besteak beste, Añorgako 107 urte dituen Joakina Huitzi ahaztezinaren agur bat eskainiko dute.
79 urteko Mari Carmen gizaburuagar dantzari apartak herrian tradizioa den "Turrun Turrun" dantzaz (eskutik helduta egiten den soka-dantzaz) hitz egingo duenez, amaierako festan herri osoa dantzan jarriko du kalejira eder batean.
Amaitzeko, Joseba Jaure ezagutuko dute. Jatorriz lekeitiarra da, eta Ibaigane jatetxeko bazkidea. Festarako pastela berak ekarriko du, eta 3D inprimagailua daukanez, 200 zenbakia propio sortuko du pastelean jartzeko.
"Herri Txiki, Infernu Handi" gaur izango da ikusgai, 22:15ean, ETB1en eta eitb.eus-en.