Herri txiki, Infernu Handi
22:00etan
Hernialde, gaur gauean, "Herri Txiki, Infernu Handi" saioan
Ernio mendiaren magalean dagoen Tolosaldea bailarako herri txikia ezagutuko dute Zuhaitzek eta Pagadik.
Gipuzkoako Tolosaldeara hurbilduko dira gaur Zuhaitz eta Pagadi, Hernialde ezagutzeko asmoz.
Hernialde asto herria omen da, baina zergatik? Oihanek azalduko dio Pagadiri antzina nola iritsi zen asto bat herriko alkate izatera. Kutxidazu bidea Ixabel liburuko istorioa Ernio mendiaren magalean dagoen herri honetako baserri batean gertatu zela ere azalduko dio, besteak beste. Bigarrenik, bordara doan Patxi Maletxe eta haren papamobila ezagutuko ditu. Koldok, bere aldetik, Ernio mendiarekin duen harreman estua azalduko dio. Izan ere, 2.500 alditan baino gehiagotan igo da bertara. Aizkoate leizea ezagutzeko pribilegioa ere izango du Pagadik. Koldoren jabetzakoa da haitzuloa, eta hainbat kondaira ezkutatzen dituela jakingo du. Bukatzeko, Edortarekin egingo du topo, esku artean lapikoa hartuta. Autozale amorratua da, zehazki, Scalextric autoen maitalea, eta horiei lizuna kentzeko oliba olio birjina erabiltzen dela irakatsiko dio.
Zuhaitzek, berriz, Joakin eta bere Antonio Carraro traktorea ezagutzeko aukera izango du. Ondoren, Jose Mari eta bere bi idiak, Castaño eta Roberto, topatuko ditu. Hauek garbitzeko HS xanpua erabiltzen duela jakingo du Zuhaitzek. Ardiei jaten ematera doala harrapatuko du Ion Ander, eta honek bere bikotekidea aurkeztuko dio, Amaiur. Beraien maitasun istorioa azalduko diote, eta haur baten esperoan daudela ere kontatuko diote. Amaitzeko, Iban eta Imanol errekan arrantzan nola ibiltzen diren ikusiko du Zuhaitzek. Iban harri-jasotzailea da, eta Imanol laguntzaile eta prestatzailea.
"Herri Txiki, Infernu Handi" gaur izango da ikusgai, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.